XIII. Ramon Latasa Saria eta asto proba Santiburtzioetako asteburuan

Antton ESPELOSIN 2014ko uztailaren 24a

Abuztuaren 10ean, igandean, 19:00etatik aitzinera jokatuko da XIII. Ramon Latasa saria pilotalekuan. 

Antolatzaileak lan handia egiten ari dira eta 2002tik honat, urtero bezala jaialdi bikaina antolatu dute, elkartu daitezkeen hamar aizkolari onenekin bost bikote osatuz: Floren Nazabal-Ander Erasun; Aitzol Atutxa-Ugaitz Mugerza; Donato La­rre­txea-Felix Etxebe­rria; Iñaki Azurmendi- Jon Rekondo eta Unai Otaño-Joxe­mari Olasagasti.   

Orain arte lau proba desberdin egin behar izaten zituzten. Aurten, ordea, lan bakarra izanen dute, baina lan luzea. Bikote bakoitzak 16 enbor moztu  beharko ditu; hamar kanaerdiko eta sei 60 ontzako.

Euskal aizkora­ probak gehiago dira iraupeneko probak abiadurakoak baino. Txapelketetan iraupena beti izaten da ordu erditik gorakoa eta zaleei hori gusta­tzen zaie. Horregatik aldatu da aurten.  

Ekitaldi berean, Migel Mindegia handia arituko da kanako enbor bat  mozten, 65 urterekin. Mindegia orain­dik gogoratzen da bere maisua izan zen Ramon Latasaz, eta berak ere omenaldia  egin nahi dio marka handi bat eginez.

ASTO PROBA

Herri kirol zaleek ederki pasatzeko aukera izango dute abuztuaren 9an, larunbata, 19:00­etatik aitzinera, Ulibeltzak elkarteak  antolatutako herri kirol jaialdian. Aspaldiko urteetan gazte koadrila batek herri kirol saioa egiten du bestetan, sekulako giroa sortuz. Aurten ere proba berezia izanen da. Asto proba jokatuko dute, zubi berrian. Hiru asto arituko  dira lehian eta 550 kiloko harria erabiliko dute 15 minutuko saio batean. Asto bakoitzak bi laguntzaile izanen ditu: Darko astoarekin Unai Bertiz eta Igor Bertiz; Isidro astoarekin Ar­kaitz Vicente eta Luis Iba­rra eta Bisente astoarekin, Iñaki Aranbi­llet eta Xabier Petrirena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun