Udan bi ludoteka antolatu ditu Guraso Elkarteak. Alde batetik Haur Hezkuntzako haurrentzat, urtero antolatzen zena, eta bertzetik, Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 6. mailara, ingelesez eskaintzen ari dena. Ttikien ludotekan hezitzaileak Itxaso Arrieta eta Laura Mendibil sunbildarrak dira. Bertzetik, Ingeles ludotekan, lehendabiziko hamabostaldian 20 ikasle izan direnez, bi hezitzaile aritu dira beraiekin egunerokoan. Rakel Ordoki doneztebarra eta Donamariko Mikel Urroz izan ditugu. Bigarren hamabostaldian berriz, 16 ikasle izanen dira eta Rakel Ordokik bakarrik eramanen du taldea.
Izugarrizko arrakasta izan dute bi ludotekek apuntatzeko momentuan eta argazkietan ikusi daitekeenez gustora dabiltza. Ttikiek pailazo mozorroa eta zapela egin dute, argazkian ikus daitekeen bezala. Koxkorrenak berriz, kamiseta pintatuak egin dituzte.