Arkupeak elkarteko hamaika mendizale joan ziren uztailaren 8an, Sallent de Gállego aldera, Aragoiko Pirinioetan egun batzuk eman asmoz. La Sarrako presatik Respomuso aintzirara joan ziren eta bertako aterpean hartu zuten ostatu. Biharamunean Balaitusera igotzeko asmoa zuten, baina aterpeko zaindariaren aholkua segituz, Gran Fachara igotzekotan gelditu ziren. Lainopean eta haize gogorrarekin abiatu abiatu ziren, baina lehen zailtasuna izan zuten Campo Planoko aintziran, oinutsik igaro behar izan baitzuten erreka eta euria hasi zuen. Halere, lehen maldak igotzen hasi ziren behelainoarekin eta elurpean. Baina, momentu batean ezin izan zuten aurrera segi eta arriskurik ez hartzeko, buelta eman zuten.
Biharamunean Arrielesko aintziretara jo zuten. Hirugarrenera ere ailegatu ziren, baina elurra hormatua zegoenez eta irristatu eta ura erortzeko arriskua, ogitartekoa jan eta aterpera bueltatu ziren eguerdian. Arratsaldez itzulixka bat egin zuten Latour ingurura. Hurrengo egunetarako ere eguraldi kaxkarra iragarria zegoenez, Bachimañara edo Garmo Negrora ez igotzea erabaki zuten eta bakoitza bere herrira itzuli zen.
BEHOBIAN JUBILAZIOA TRAMITATZEKO AHOLKULARITZA BERRIA
Frantzian erretiroaren inguruko 3.000 gestio baino gehiago egin zituen Jose Silvaren heriotzaren ondorioz, Magaly Goyer zuzenbidean lizentziatuak Behobian aholkularitza bulego berria ireki du, Charles Pucheu karrikaren 37.ean. Edozein informaziorako, Arkupeak elkartearen bulegora deitzen ahal da, 948 450878 telefonora, 09:30etik 12:30era.
MENDI ATERALDIA
Uztailaren 31rako ere mendi ateraldia antolatu dute Arkupeak-eko mendizaleek. Ezkurrako frontoitik abiatuta, Ola baserrira jeitsi eta Basakaitzetik Zuparrobiko kaxkora igo, handik Perralekura eta handik Ezkurrara jautsiko dira mendizaleak, lau ordu eta erdi inguruko ibilbidean. Barranka ostatuan bazkalduko dute eta parte hartu nahi duenak Arkupeak elkartera deitu beharko du uztailaren 26ra bitarte.