'Zer egin Baztan-Bidasoan?' eskuorria argitara eman du Bertizko Partzuergo Turistikoak

TTIPI-TTAPA 2014ko uztailaren 24a

Emaldi Ereño eta Mari Joxe Iparragirre, eskuorriaren aurkezpenean. Utzitako argazkia

'Zer egin Baztan-Bidasoan?' eskuorria aurkeztu du Bertizko Partzuergo Turistikoak. Uztailaren 23an egindako aurkezpen ekitaldian, Emaldi Ereño Osa, Partzuergoko kudeatzaile berria eta Mari Joxe Iparragirre, Hiruak Bat elkarteko lehendakaria izan ziren. Aurkezpenean jakinarazi zutenez, poltsikoko gida osotua da, Baztan-Bidasoko interes turistikoko lekuak kokatzen dituena.

Interes turistikoko lekuak kokatzen dituen poltsikoko gida osotua da

Zer egin Baztan-Bidasoan? eskuorria aurkeztu du Bertizko Partzuergo Turistikoak. Uztailaren 23an egindako aurkezpen ekitaldian, Emaldi Ereño Osa, Partzuergoko kudeatzaile berria eta Mari Joxe Iparragirre, Hiruak Bat elkarteko lehendakaria izan ziren. Aurkezpenean jakinarazi zutenez, poltsikoko gida osotua da, Baztan-Bidasoko interes turistikoko lekuak kokatzen dituena.

Emaldi Ereñok aipatu zuenez, «gero eta jende gehiago etortzen da Baztan-Bidasoko bailarak bezalako natur eremuetara eta hauek gero eta modu desberdinagoan egiten dute, iristeko zailago dira lekuetaraino sartuz. Gaur eguneko turismoak, zerbitzu originalak eta zehatzak eskatzen ditu, kalitatezkoak eta autentikoak, naturarekin kontaktuan dauden eremuak bilatuz».

Bertiz Partzuergo Turistikoak, Urdazubi, Zugarramurdi, Baztan, Bertizarana, Malerreka eta Bortzirietako herri eta bailaretako garapen turistikoa bultzatzen du, Urdazubi, Zugarramurdi, Baztan, Bertizarana, Ituren, Oiz, Urroz, Donamaria, Beintza-Labaien, Sunbilla, Igantzi, Lesaka, Arantza eta Etxalarko Udalen eta eskuorri honen sustatzailea den “Hiruak Bat” landa etxe elkartea eta hotel, apartamentu, kanpaleku, jatetxe, ostatu, zerbitzu enpresa eta artisau elkarteen parte hartzearekin.

Partzuergoko kudeatzaile berriak aipatu zuenez, «orain aurkezten den gida hau, bidaiariek gure zonalde eta zerbitzuak ezagutu eta gozatzeko erreminta praktikoa eta erabilgarria izanen delakoan gaude».

Mari Joxe Iparragirre, Hiruak Bat elkarteko lehendakariak aipatu zuenez, bezeroei zonaldean zer bisitatu zezaketen azaltzeko erreminta praktiko baten beharra sumatu zuten. «Orain arte, zonaldeko informazio zehatza agertzen den Baztan-Bidasoko Baliabide gida eta xehetasun guztiak agertzen diren Mapa ere bagenuen, baina ideia zen zerbait eskematikoagoa, bisualagoa edo pertsonalizatzeko errazagoa sortzea, jabe bakoitzak eta denboraldi bakoitzari egokitzen ahal zaizkion gomendioak, eskuorriaren gainean bertan idatzi ahal izateko».

Behar hori asetzen omen du eskuorri berri honek. Folio baten tamaina du, arina eta eramateko erraza izateko. Hiru zatitan tolesten da triptiko moduan eta gainean errez idazteko pentsatuta dago. Barrualdean, Baztan-Bidasoko bailaretako baliabide turistikoen zerrenda aurkitzen da bi hizkuntzetan (leizeak, urtegiak, basoak, mendiak, behatokiak, natur eremuak, aktibitateak, museoak, dorretxeak, errotak, gaztandegiak, Bainuetxea, Bidasoko bide berdea eta informazio puntuak) eta bakoitzak zenbaki eta kolore bat du, ondoko mapan errepikatzen dena, dagokion baliabidearen kokapena zehazteko. Baliabide turistikoez gain, mapan, zonaldeko herri eta bailarak, hurbileko erreferentzia turistiko garrantzitsuak eta errepide nagusiak ere agertzen dira.

Azal erakargarria jarri zaio, Baztan-Bidasoko aktibitate turistikoa laburbiltzen duten argazkiekin eta Erreserba zentralaren informazioarekin, elkarteko web orrira daraman QR kodearekin batera. Kontrazalean berriz, berriki inauguratutako Baztan Abentura Parken informazioa jarri da, tirolina erraldoiak, pendulu saltoak, arroila aquapark naturala, ferrata bidea… bezalako turismo aktiboko ekintzak burutu daitezkeen natur eremu ikusgarriarena hain zuzen, izan ere berau izan baita proiektuaren babeslea, Nafarroako Gobernuko Turismo Departamentuarekin batera.

Proiektu honen helburua, elkarteko bazkide diren Landa etxeetako bezeroei, denboraldi edo eguraldiari egokitzen den irteera desberdina eta pertsonalizatua proposatzeko erreminta eskaintzea da, jabeek eskaintzen duen zerbitzu orokorra are gehiago hobetuz. 1000 ale argitaratu dira eta hauek, Hiruak Bat elkarteko Landa etxeetan, hurbileko Turismo bulegoetan eta elkartea joaten den Turismo Ferietan banatuko dira.

Eskuorria formatu digitalean ere eskuratu daiteke, www.consorciobertiz.org web orriko “Zer bisitatu” atalean eta mugikorrarekin ere deskargatu daiteke, eskuorri bakoitzaren barruan kokatutako QR kodea eskaneatuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun