Erreka EKTk helburuak bete ditu lehen denboraldian

TTIPI-TTAPA 2014ko uztailaren 10a

Errekako Emakumeen Kirol Taldeko kirolari gehienak Doneztebeko krosa hasi baino lehen. Erreka K.E.

Eskualdeko eta eskualdez kanpoko hainbat probatan parte hartu dute

Joan den urteko ­urrian hasi zen lanean Erre­kako Emakume Korrikalari Taldea (EKT), a­tletismoa praktikatuz emakumeek kirolean gero eta gehiago parte hartzeko helburuarekin. Lehenbiziko urte honetan itxaropen guziak bete eta gainditzen ari dira.
Hasierako bilera deitu zutenean ez zuten garbi zenbat jende hurbilduko zen, baina 23 emakume joan ziren. Hortaz, bi talde egitea erabaki zuten: bat hasiberriekin eta bertzea korrika ibiltzeko ohitura handiagoa zutenekin. Gaur egun 20 korrikalari ari dira EKTren izenean, 14 urtetik hasi eta 49 urte bitartekoak. 
 
Ikasturtea hasteko Manttaleren esperien­tzia eta babesa izan zuten eta Idoia Maritxalar, Iñaki Pikabea, Patxi Irazoki eta Cristina Ar­bues izan ziren taldea martxan jarri zuten lehen monitoreak. Baina denboraldia aitzinera zihoan neurrian, lana eta taldea bateratzeko zail­tasunak zituztenez, Iñigo Arregi donezteba­rrak hartu zuen taldearen ardura eta bera izan da monitorea denboraldi bukaera bitarte.
 
Manttale taldetik jakinarazi zutenez, «progresioa sinestezina izan da, 10 minutu korrika egiten hasten dira eta denboraldi bukaerako 45 minutu lasterka ari­tzeko eta edozein proba egiteko gai dira». Eta horrelaxe izan da.
 
Bertzeak bertze, aurten Doneztebeko San Silbestre lasterketan, Leitzako Krosean, Donostiako Lilatoian eta, azkenik, Doneztebeko Krosean hartu dute parte. Heldu den denboraldiari begira, helburu zabalagoak ere bete nahi dituzte, eta Sunbillan irailean eginen den 800 Dukado lasterketaren antolatzaileek egindako gonbidapenari baiezkoa eman diote. Aipagarria da Erreka EKT taldeko emakume gehienek parte hartu dutela Doneztebeko Krosean eta gisa honetara, ber­tze pertsonak ere parte hartzera animatzeko erreferente bilakatu dira. Horixe baita helburuetako bat, kirola sus­tatu, ikusarazi eta emakumeak praktikatzera bultzatu. Lehenbiziko helburua, halere, ongi pasatzea, bertze per­tsonak ezagutu eta kirola eginez une goxoak pasatzea da.
 
Denboraldia akitzeko bazkaria ere egin zuten eta entrenamendu dinamikarekin segitzekotan gelditu ziren: urri­ra bitarte beraien kabuz biltzen segituko dute eta urritik aitzinera Iñigo Arre­gik hartuko du entrenamenduen ardura. Dena den Erreka EKTtik garbi utzi nahi dute emakume gehiagorendako ere ateak zabalik dituztela eta ho­rretarako Erreka Kirol Elkartearekin harremanean jartzea aski da.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun