Ongi merezita irabazi du Juan Martinez de Irujok bosgarren aldiz buruz buruko txapel nagusia. Ekainaren 29an Donostiako Atano III-ean jokatutako finalean 22-9 irabazi zion Julen Retegi eratsundarrari. Ongi aritu zen Retegi Bi, baina Irujok ez zuen ezusterako zirrikiturik utzi. Ederki aritu zen Iberokoa partidaren lehen zatian (10-1), eta abantaila kudeatu zuen ondoren, nahiz Retegi Bi 10-6ra hurbildu.
Tanto ederrak ikusi ahal izan ziren, baina pilotaren batek bote handiegia ere hartu zuen, Irujok errebotera sartu eta Retegik altxatu zuena, horren erakusgarri.
Irujo pozik mintzatu zen finala irabazi ondotik: «Lan handia egin behar izan dut txapelketa osoan, eta bost txapel ez dira egunero irabazten». Eskuin eskuari esker irabazi duela nabarmendu zuen: «Ongi hasi naiz; eroso egotea kostatzen ari zitzaidan, baina oso ongi nuen eskuina, eta horri esker irabazi dut». Retegi zoriondu zuen egindako txapelketarengatik eta dudarik gabe, berriz ere buruz buruko finalean izanen dela adierazi zuen.
«Ea hori egia den» erantzun zion Julen Retegik eta «finalera iristeagatik pozik, baina galtzeagatik triste» zegoela adierazi zuen: «Irujo fuerte hasten da partida gehienetan, eta gero zaila izaten da buelta ematea». Aitortu zuen finalean ere hala gertatu zaiola: «Hasieran egon da gakoa; abantaila handia kendu dit, eta horrela zaila da irabaztea».