Senpereko bestak usaian baino aste bat lehenago hasi dira aurten, aitzineko asteburuan, ereiaroaren 22an Frantziako xapeldun bilakatu baitziren SPUC herriko rugbi taldeko jokalariak. Tartasen jokatu zen finalean Senpere nagusitu zaitzion Gabarret-ko taldeari 36 eta 24. Berehala senpertarrek gaitzeko besta ospatu zuten, lehenik Landesetako kirol zelaian berean eta arratsean herriko karrika nagusian eta herriko etxean. Mundua bildu zen orduan gutitan ikusten den besta ikusgarrian. Rugbilariek denboraldi zinez ona egin dute nahiz eta urte hastapenean arazoak izan zituzten taldea muntatzeko. Dena den, kirolzaleek ez dute amore eman eta beren lanak garaipena eta poza ekarri ditu 1984 eta 1992an jadanik gertatu zen bezala. Jokalariak ospakizunez ospakizun ibili dira egun hauetan eta bertsuak ere moldatuak izan dira, Senpere Kantuz airearekin kantazeko gisan.