Pausoz pauso, inguruak ezagutuz

Fernando ETXEBERRIA 2014ko uztailaren 10a

Kuadrila ederra bildu zen bi mendi irteeretan. Fernando ETXEBERRIA eta GEREÑO

Leitza eta Ezkurrako mendizaleak elkarrekin

Ezkurrako eta Lei­tzako mendizaleek elka­rrekin mendi irteerak egin dituzte ekaineko azken bi larunbatetan. Ekainaren 21ean egin zuten lehendabiziko mendi buelta, 34 mendizale bildu ziren eta lau ordu eta erdiko bidea egin zuten. Goizeko 08:00etan Pe­rralekutik abiatu ziren, Erakurriko bidetik eta lau ordu eta erdiko ibilbidea egin zuten. Hamarretakoa Ezkainen egin zuten, Olegitik segi eta Iruña­rrira igo ziren, han Era­tsungo lurretan dagoen menhirra ikusi eta atseden hartzeko aprobetxa­tu zuten. Duela gutxi be­rritutako dolmen handi batera joan ziren gero eta Eratsungo base­rrietako pistari segiz, Ezkurrako Ola baserrian barna, Ezkurrako plazara iritsi ziren. 13:30ean Barranka ostatuan elkartu ziren eta bertan egon ziren arra­tsaldeko bostak arte. Migel Elizalderi eske­rrak eman nahi dizkiogu bideko oteak, osinak eta sastrakak garbitzen aritu zelako, ibilbidea egiterakoan arazorik ez egoteko.
 
Ekainaren 28an be­rriz, 52 mendizalek Ezku­rratik Arantzarako bidea egin zuten. Jaiotzez arantzarrak izan, baina Leitzan bizi diren Iparra familiakoek antolatu zuten irteera.
 
Perralekutik abiatu ziren goizeko 06:30ean eta Ezkainera igota, Olegitik barna joan ziren Iruñarri menhirrean atseden har­tzeko. Hiru orduko ibilbi­dea egin ondotik, Sorgin Zelaira iritsi ziren eta bertan hamarretakoa egin zuten. Loizateko ataka igaro eta Ekaitzara igo ziren gero. Han ezbehar ttiki bat gertatu zen, mendizaleetako batek, Jose Mari Etxeberriak eskuineko oinean min handia sentitu eta oinez segi­tzeko modurik ez zuelako. Hala ere, presaraino jeisteko modua izan zuen eta bertatik Jose Mari Elizaldek kotxez Doneztebeko osasun etxe­ra eraman zuen. Mendikuak ehun haustura zuela erran eta hamabost eguneko atsedenaldia gomendatu zion.
 
Mendizaleetako ba­tzuk Mendaurko ermitara igo ziren eta zazpi ordu eta erdiko ibilbidea eginda, denak Arantzako Aterpean elkartu ziren. Bertan bazkaldu eta giro bikaina izan zuten bazkalondoan kantari: Erribera, Txoria txori, Urepeleko Artzaia… Arratsaldeko seietan autobusa hartu eta zortziak aldera iri­tsi ziren Leitzara.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun