San Pedro bestak giro ederrean joan dira. Txupinazoa botatzearen ardura Doneztebarrak Merkatarien Elkarteko Natalia Rekartek eta Mendi Abesbatzako Ainara Mendiak izan zuten. Lehen suziria bota baino lehen, Abesbatzak Gora Doneztebe kantatu zuen Herriko Etxeko balkoitik, Jon Irazoki zuzendariak pareko etxetik zuzentzen zuen bitartean. Larunbata, Udal Txikiaren Eguna izan zen. Aritz Zulaikak hartu zuen alkatearen ardura, Txomin Omarrek epailearena eta Ana Etxartek banderadunarena; zortzi zinegotziak, berriz, Joseba Juanotena, Ane Iparragirre, Olatz Mutuberria, Naroa Gerendiain, Oier Agesta, Olatz San Miguel, Ivan Larraza eta Maika Bengoetxea izan ziren. Gazte Burrunbak bazkaria egin zuen Intzakardin eta hamargarren urteurrena ere ospatu zuen gazte elkarteak. Honela, batzordean aritu diren guztiei omenaldia eskaini zitzaien. San Pedro egun handian, nola ez, Trapatan dantza eskaini zuten herriko dantzariek eta bandera dantza Eduardo Almandozek. Arratsaldean, Erreka dantza taldekoek ere bere emanaldia eskaini zuten.