1.177 lagun zeuden Doneztebeko Enplegu Bulegoan izen emanak ekain hondarrean, maiatzean baino 102 guttiago. Nafarroa osoan %4,17 jautsi da langabezia ekainean eta eskualdean oraindik gehiago, %7,97. Kontuan hartu behar da urtea 220 langabetu gehiagorekin hasi zela, baina ilbeltzeko igoera bortitzaren ondotik, pixkanaka duela bi urteko mailara jautsi da langabetu kopurua.
Ekainean 607 kontratu egin ziren Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez, horietatik 36 bakarrik mugagabeak.
ADIN ETA SEKTORE GUZTIETAN BEHEITI
Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitiko gizasemeen artean 539 lagun daude langabezian, maiatzean baino 45 guttiago. Adin tarte horretako emakumeen artean 530 langabetu daude, maiatzean baino 39 guttiago. 25 urtez beheitiko gizasemeen artean ere 3 lagun guttiago daude langabezian, 69 langabetu, eta adin tarte horretako emakumeen artean ere maiatzean baino 15 emakume guttiago daude lanik gabe, 39 emakume denera.
Zerbitzuen arloak segitzen du langabe gehien izaten, baina jautsierarik nabarmenena izan duen sektorea izan da, 828tik 755 langabetura pasatuz, 73 guttiago. Industria arloan 21 langabetu guttiago daude, 200 denera. Eraikuntzan ere 6 langabetu guttiago daude, 124. Nekazaritzan ere bi lagun guttiago daude langabezian, 18 lagun, eta aitzinetik lanik egin ez dutenen artean 80 lagun daude langabezian, maiatzean bezalaxe.
Halere, bertze ondorio goibelago bat ere badute ekaineko datuek, izan ere, langabezia-prestaziorik kobratzen ez dutenak (%54,38) gehiago baitira kobratzen dutenak baino (%45,62).