Nafarroako mendialdean haurren gizentasun indizea handiagoa dela diote ikerketek. Lesaka, Leitza, Doneztebe eta Elizondoko pediatria zerbitzuetatik pasatu diren haurrak multzo horretan sartuak daude.
Milaka haur hiltzen dira egunean desnutrizioagatik, eta aldi berean, urtetik urtera nabarmen igotzen ari da gehiegizko pisua duten haurren kopurua. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak berriki eman dituen datuen arabera, munduko herrialde gehienetan hazi egin da obesitate kopurua azken bortz urteotan, eta epidemia hitza ere aipatu du. Osasunerako Mundu Erakundeak, berriz, XXI. mendeko epidemia gisa definitu izan du obesitatea.
Nafarroan, haurren historia klinikoak aztertuz, pisuaren gainean egin den azken ikerketak dio, 15 urtetik beheitikoetan %28k gehiegi pisatzen duela, horietatik 19,9k gehiegizko pisua duela eta 8,1 obesoa dela. Eta eskualdean datuak ez dira hobeak. Izan ere, ikerketa horrek berak ondorioztatu du Nafarroako mendialdean daudela haur obeso gehien: Lesaka, Doneztebe, Leitza eta Elizondoko pediatria zerbitzuetatik pasatu diren 0 eta 14 urte bitarteko neska-mutikoak multzo horretan sartuak daude. Konparazio batera, Lesakako pediatria zerbitzuko haurren %23k gehiegizko pisua du, %11,5ek obesitatea, %65 normaltasunaren barrenean daude eta %0,5 meharrak dira.
KOPURU HAUNDIA
«Bertze toki batzuetan obesitatea gaizki jatearekin lotuta dago, baina hemen ez. Hemen aunitz jaten da»
Belen COMPAINS eta Mª Jesus ETXEBERRIA
Pediatra eta erizaina
PREBENTZIO LANA
Behin baino gehiagotan jakinarazi izan dute gizentasuna ez dela itxura estetikoari dagokion kontu soila. Hori baino haratago doala. Hortaz, gaiari zenbat eta lehenagotik heldu, orduan eta hobe. Lesakako Osasun Zentroko pediatria zerbitzuan, erraterako, ohiko azterketa medikuetan kontrolatzen dituzte haurraren altuera eta pisua. Eta beharraren arabera, programak abian paratzen dituztela azaldu digute Belen Compains pediatrak eta Maria Jesus Etxeberria erizain pediatrikoak: «gehiegizko pisua duten kasuekin ahal duguna egiten saiatzen gara, baina denekin jarraipen programa bat egitera ez gara ailegatzen». Hala ere, beti izaten dute obesitatearen plana martxan.
Bularra ematearen garrantziaren berri ere ematen diete gurasoei Compainsek eta Etxeberriak:
«amaren esneak patologia batzuk prebenitzen laguntzen baitu». Eta honetan datu onak dira eskualdean: Bortziriak eta Baztango haur gehienak lehenbiziko sei hilabeteetan amaren esnearekin bakarrik elikatzen dira.
Estatu espainiarrean indarrean dagoen Nutrizioaren, Ariketa Fisikoaren eta Obesitatearen Prebentzioaren aldeko Naos Estrategia ere lantzen dute. «Naos estrategiaren arabera, obesitatea arazo globala da eta ezin zaio osasun sailetik bakarrik aurre egin: osasungintzatik, hezkuntzatik, medio sozialetaik... landu behar da, baliabide guztiak aprobetxatuz».
Lesakako Osasun Zentroko pediatria zerbitzuan, eskolako jantokiekin jarria dute arreta eta jangelen ikerketa deskriptiboa egiteko datuak biltzen ari dira: «duela hamar bat urte elikaduraren inguruko makrojardunaldi batzuk egin genituen eta ondotik, bertze jardunaldi ttikiagoak ere egin genituen bi urtez. Horietan eskolako jantokiak aztergai izan ziren, eskoletako menuen gaia ez baitago konpondua. Hutsune legal haundia dago, ez da inor arduratzen zuzenean horretaz. Jardunaldi horietatik abiatuta, jantokietarako menuak egin genituen». Osasun Sailetik bertze programa batzuk lantzen direla ere kontatu digute: «Europako Batasuneko diruarekin hamaiketako osasuntsua programa martxan dago eta Haur Hezkuntzakoei fruta bidaltzen diete». Beraien irudiko, «kanpaina aunitz egin dira Naos estrategiaren baitan ere, baita gosariarekin ere». Baina Compainsek eta Etxeberriak garbi dute «bazkaria dela erregulatu beharko litzatekeena, hori delako garrantzitsuena».
ONGI JAN, BAINA AUNITZ
Compais eta Etxeberriaren hitzetan, «gehiegizko pisua dutenen indizea altua da hemen, baina hala ere, ongi jaten da. Bertze herrialde eta toki batzuetan, obesitatea gaizki jatearekin lotuta dago, baina hemen ez. Hemen haurrak ez du litxarreriarik jaten, baina kopuruari dagokionez, aunitz jaten du».
Hortaz aparte, ariketa fisikoaren garrantzia ere azpimarratu dute, aunitz jateaz gain, sedentarismoa ere hemengo haurren arazoa dela uste baitute pediatrak eta erizainak: «landa eremuan haurra mugiaraztea erraza dirudi, baina hemen euri aunitz egiten du eta etxeak hagitz haundiak dira. Ez bada hori aldatzen, udazken eta neguan, haurrak sofan gelditzen dira, lehen telebista aitzinean eta orain bideojokoetan». Kirol eskaintza duela urte batzuk murritza zela ere gaineratu digute: «orain dela 15-20 urte hemen zegoen kirol aukerak pilota eta futbola ziren mutilentzat eta neskentzat jarduera puntual batzuk baino ez. Gaur egun aukera gehiago sortu dira. Argi izan behar dugu obesitateari aurre egiteko modu bat jendea mugiaraztea dela».
Baina badira bertzelako faktoreak ere: klimaren ondorioz, gure eskualdea alergia eremua dela, adibidez. Asmaren kasua da hori: «biztanleriaren %10ek asma du eta horrek ariketa fisikoa egiterakoan eragina du. Asma duen batek esfortzu bikoitza egin behar du».
HELDUAROAN ERE ARRISKU BERA
Haurretan pisu haundiegia dutenak etorkizunean ere arrisku hori dutela ohartarazi digute: «haurretan obesoa dena heldua denean ere obesoa izanen da kasurik gehienetan. Hartzen diren ohiturak kentzea zaila da eta haur batek ez du ongi janen bere etxean ez bada ongi jaten».
Pisu altuegia izatearen ondorioez ere aritu zaizkigu: «gehiegizko pisuak artikulazioak hondatzen ditu, eta kolesterola, hipotiroidismoa, arazo kardiobasularrak eta diabetesa sortu». Horren aitzinean, tratamendurik egokiena kirola egitea eta dieta kontrolatzea direla diote, bertzela, haurra zirkulu itxi batean sartuko delako: «bertzeak baino lodiagoa denak ez du bertzeek adina lasterka egiten, ezin duelako. Horrela, ez diote baloia pasako eta ez badiote pasatzen ez da jokatzera joanen. Ez bada jokatzera joanen zer eginen du? Bada jarri eta palmera bat jan. Zirkulu itxi bat da eta hori hautsi egin behar da. Egoera horretara ailegatu aitzinetik prebenitu behar da eta hori ttiki-ttikitatik egin behar da».
DIETISTAREN AHOLKUA
Amaia MEOKI PLAZA | Elizondoko On Egin Herbodietetika eta Ekodendako diestista