Maika Ariztegi iturendarrak ez duela parekorik erakutsi du berriz ere eta nagusitasunez jantzi du emakumezkoen Nafarroako Ingude Altxatze Txapelketako txapela. 93 altxaldi eman zizkion bederatzi kiloko ingudeari Iruñeko sanferminen barne, atzo jokatu zen txapelketan. Bigarren sailkatua bere ahizpa Mertxe izan zen.
Gizonezkoen Ingude Altxatze Txapelketan, berriz, Josetxo Urrutia leitzarra nagusitu zen, 18 kiloko ingudeari 84 altxaldi egin ondotik. Berako Herri Kirol Taldeko Aritz Izuzkiza hirugarren izan zen. 78 jasoaldi egin zituen.
XIV. San Fermin Motozerra Saria ere jokatu zen atzo Iruñeko sanferminetan eta honetan Oieregiko Esteban Arruti nagusitu zen. Lau probetatik hiru irabazi zituen.
Gaur, uztailak 10, Nafarroako hirugarren mailako Aizkora Txapelketaren kanporaketa jokatuko da. Bi kanaerdiko moztu behar dituzte partehartzaileek. Tartean izanen dira Zigako Joxean Etxeberria, Beintza-Labaiengo Miguel Angel Etxeberria, Pello Telletxea eta Joxe Mari Elizondo eta Zubietako Mikel Indakoetxea. Kañamares anaiek erakustaldia eskainiko dute (zerratokia-aitzurrarekin egurra mozten).
Uztailaren 11n kadete mailako Nafarroako Arpana Txapelketa jokatuko da. Basaburua-Baztango Eneko Irigoien eta Andoni Galarregi eta Antton Irigoien eta Iker Aleman lehian ariko dira. Kimu mailako proba konbinatu erakustaldia eta aizkora erakustaldia ere eginen dira, baita haurrendako proba populara ere.
Uztailaren 12an Nafarroako harrijasotze txapelketa jokatuko da eta hiru partehartzaileak eskualdekoak izanen dira: Leitzako Josetxo Urrutia, Sunbillako Unai Bertiz eta Etxalarko Xabier Ariztegi “Santxin”. Emakumezkoen Txinga Eramate Txapelketan ere berdin, hiru partehartzaileak eskualdekoak izanen dira: Lesakako Xanta Sousa eta Estitxu Almandoz eta Berako Nerea Sorondo. Nafarroako lasto altxatze txapelketan parte hartuko duten bi kirolariak ere eskualdekoak izanen dira: Igantziko Eneko Telletxea eta Amaiurko Lander Landiribar.
Uztailaren 13an Nafarroako bikotekako aizkolari txapelketa eta Nafarroako gurdi altxatze txapelketak erabakiko dira. Bikoteka aizkoran sei enbor kanaerdiko eta sei 60 ontzako moztu beharko dituzte Floren Nazabal eta Ruben Saralegik, Jon Rekondo eta Ander Erasunek eta Donato Larretxea eta Juanjo Lopezek. Gurdi altxatzen, Leitzako Josetxo Urrutia izanen da eskualdeko ordezkari bakarra. Inaxio Perurenak erakustaldia eginen du harri jasotzen.
Uztailaren 14an, azkenik, gizonezkoen Nafarroako txinga eramate txapelketa jokatuko da, eskualdeko ordezkaritzarik gabe. Mikel Lasartek motozerra erakustaldia eskainiko du. Lasto botatzen eta lasto altxatzen erakustaldia eginen dute.