Lehen Mundu Gerra Senperen nola bizi izan zen bildu du Auxtin Zamorak

Ttipi-Ttapa 2014ko uzt. 8a, 10:43

Auxtin Zamora

Artxiboetan begira osatu du liburua eta Lapurdi 1609 elkarteak argitaratu du

Armadak publikoari irekitako artxiboak arakatuz osatu du liburua Senpereko idazle eta olerkariak eta Lapurdi 1609 elkarteari utzi dio argitaratzeko. Bi zati ditu liburuak: lehendabizikoan, gerlan ofizialki hil ziren senpertar gazte guztien datuak ageri dira eta bigarren zatian, 1900 eta 1916 urteen artean, 20 urte bete zituzten 553 senpertar mutiko gazteen armadarekiko eta gerlarekiko egoera eta portaerak jaso ditu.

Senpertar ingumak 1914-1918. Izenburu horixe duen liburu berria idatzi du Auxtin Zamora Senpereko idazle eta olerkariak. 1914tik 1918ra iraun zuen Lehen Mundu Gerra Senperen nola bizi izan zen bildu nahi izan du eta Auxtinek berak erran duenez, armadak publikoari irekitako artxiboak arakatuz osatu du liburua.

Bi zati ditu lan berriak. Lehendabizikoan, gerlan ofizialki hil ziren senpertar gazte guztien datuak ageri dira. Bakoitza noiz eta zoin etxetan sortua izan zen eta noiz, non eta nola desagertua edo hilak. Zamorak adierazi duenez, «Senpereko 1914-1918 hilen monumentuan idatzia den 72 zenduen izenen zerrenda gehitu dugu hor agertzen ez ziren bertze 13 izenekin».

Bigarren zatian, 1900 eta 1916 urteen artean 20 urte bete zituzten 553 senpertar mutiko gazteen armadarekiko eta gerlarekiko egoera eta portaerak jaso ditu. Zenbait kasutan izenak anonimoak dira, baina «zenbaki bakoitzaren gibelean norbait dago», dio senpertarrak.

Gerlarien eta iheslarien arteko bereizketerik egin gabe, aurkitu dituzten izen guztiak eman dituela ere kontatu du, eta zera gaineratu du: «liburu honek ez du analisirik, ez ikuspunturik. Bere burutazioak egiteko norberak har ditzazke hemengo datuak. Hala ere, menturatu naiz filosifa pertsonal bat azaltzera. Hau liburuan aurkitzen da».

Liburua Lapurdi 1609 elkarteari eman dio Auxtinek argitaratzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun