Hiri Hondakinen Mankomunitateetako uztaileko zozketa egin dute

Ttipi-Ttapa 2014ko uztailaren 9a

7.908 zenbakiaren jabeak zonaldeko produktuekin osatutako lotea izanen du saritzat

Zenbaki saritua 7.908 izan da eta saritzat zonaldeko produktuekin osatutako lotea izanen du. Zenbakiaren jabeak uztailaren 31 baino lehen Bortzirietako Mankomunitatera deitu beharko du: 948 635254. Bertzalde, Beran eta Lesakan 600 kilo inguru konpost atera dituzte auzo-konpostaguneetatik.

Baztango Udalak, Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateak eta Malerrekako Mankomunitateak etxez-etxe banatutako egutegiek duten zenbakiarekin, uztaileko zozketa egin da eta hauxe da zenbaki sariduna: 7.908. Saria zonaldeko produktuekin osatutako lotea izanen da.

Aipatu, bertzalde, ekainean ere ez zela zenbaki sariduna agertu. Hilabete hondarrean bukatu zen epea, eta beraz, orain ezin da saria eskatu. Uztaileko  zozketaren saridunak hilabete bukaera arteko epea izanen du saria eskuratzeko. Horretarako, uztailaren 31 baino lehen Bortzirietako Mankomunitatera deitu beharko du: 948 635254.

Konposta banatu dute

Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitatetik adierazi dutenez, azken egun hauetan zenbait auzo-konpostagunetik konposta banatu dute bizilagunen artean. Auzo batzuetan eskaera handiagoa izan dela jakinarazi dute eta bertzeetan ez dela dena banatu. Hala ere, banatu ez den konpost hori herriko lorategi eta berdeguneetarako erabiliko da.

Berako auzo batean eta Lesakako hiru auzotan egin da banaketa, eta guztira 600 kilo inguru konpost atera dira. Mankomunitatean espero dute heldu diren asteetan ere bertze auzo-konpostaguneetan orain ontzen ari den konposta bizilagunen artean banatzeko moduan izatea. Beti bezala, prest dagoenean bizilagunei abisatuko diete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun