Bi herri kirol txapelketa jokatu ziren ekainaren 7an Luzaiden.
Nafarroako koxkor biltze txapelketan, Berako Fernando Etxegarai suertatu zen txapeldun (6:28.57). Bigarren, Berako Joseba Larralde izan zen (7:02.32) bere lehen partehartzean eta hirugarren Berriozarko Oier Etxeberria (7:35.76).
Lehen bi sailkatuek, Etxegarai eta Larraldek, Euskal Herriko txapelketan aritzeko txartela lortu dute.
AIZKORAN JAUTSIERA KANPORAKETA
Aizkora jautsiera kanporaketari dagokionez, 2013ko urriaren 6an Nafarroako lehen Mailako Aizkora Txapelketaren kanporaketa jokatu zen. Printzipioz, kanporaketan sailkaturiko azken bi aizkolariak maila galtzen zuten, baina Xabier Mindegiak ezin izan zuenez aipaturiko kanporaketan parte hartu (min hartuta zegoen), azken aurreko sailkatuak (Oihan Larretxea) jautsiera kanporaketa bat eskatzeko aukera zuen, eta halaxe egin zuen. Bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat moztea izan zuten lana eta Oihan Larretxeak 17 minutu eta 31 segundo behar izan zituen eta Xabier Mindegiak 19 minutu eta 11 segundo. Beraz, Larretxeak lehen mailan segituko du eta Mindegia bigarrenera jautsi da.