Urtero bezala, herri kiroletako hainbat txapelketa jokatuko dira Iruñeko sanferminetan. Saio guztiak 12:00etan hasiko dira Foru Plazan eta tartean, kasik egunero, erakustaldiak ere eginen dira.
Uztailaren 8an Nafarroako Arpana Txapelketak jokatuko dira, bai lehenengo mailakoa baita emakumezkoena ere. Kanako enborrarekin aizkora erakustaldia ere izanen da.
Uztailaren 9an Nafarroako Ingude Altxatze Txapelketak jokatuko dira, gizonezkoena zein emakumezkoena. XVI. San Fermin Motozerra txapelketa eta Aimar Irigoienen harrijasotze erakustaldia egun horretan izanen dira.
Uztailaren 10ean Nafarroako hirugarren mailako Aizkora Txapelketaren kanporaketa jokatuko da. Kañamares anaiek erakustaldia eskainiko dute (zerratokia-aitzurrarekin egurra mozten).
Uztailaren 11n kadete mailako Nafarroako Arpana Txapelketa jokatuko da. Kimu mailako proba konbinatu erakustaldia eta aizkora erakustaldia ere eginen dira, baita haurrendako proba populara ere.
Uztailaren 12an Nafarroako harrijasotze txapelketaz gain, emakumezkoen Txinga Eramate Txapelketa jokatuko da. Andde Arbenoitzek lasto botatzen eta lasto altxatzen erakustaldia eginen du.
Uztailaren 13an Nafarroako bikotekako aizkolari txapelketa eta Nafarroako gurdi altxatze txapelketak erabakiko dira. Inaxio Perurenak erakustaldia eginen du harri jasotzen.
Uztailaren 14an, azkenik, Nafarroako lasto altxatze txapelketa eta gizonezkoen Nafarroako txinga txapelketa jokatuko dira eta Mikel Lasartek motozerra erakustaldia eskainiko du.