Duela denbora dezente erabaki zuen herritar talde batek, Ezkurrako ermitatik Perralekura joateko bide berri bat irekitzea, zehazki Matxintxulotik barna pasako zen bidea. Azkenenean, boluntario talde bat Hilario Telletxearen gidaritzapean, ideia aurrera eramaten ari dira. Hiru zubi berri eraiki dituzte eta horrela, bi kisulabe, ur-jauzi haundi bat eta Garaikoetxea bordako iturria bisitatzeko aukera izanen da. Ur-jauzira iritsi ahal izateko azken lanak bukatzea bakarrik falta zaie: bidexka berri bat egin, zubi berri bat eraiki eta erreka bideratu behar dute euri asko egiten duenean gainezka egiten duelako. Uztail bukaerarako azken lan hauek bukatu eta bide berria irekitzea aurreikusten dute.
BIDEA PAUSOZ PAUSO
Ermitatik abiatu eta aldapetarantz jeisten da bidea eta segidan zubi ttiki batetatik pasa behar da. Aurrerago beste bi zubi daude, baina ez da beharrezkoa hauek igarotzea, dena den nahi duenak zubiak pasa eta ibilbide luzeago bat egiteko aukera izanen du, bi mende baino gehiago dituzten gaztainondoetan barna. Bide arrunta, Osine putzuren goiko aldetik doa eta ordu erdi ondotik, Txurdinea bordako kisulabera iritsiko dira. Momentuz, hemendik ezin da ur-jauzira joan baina boluntarioek beste bidexka bat zabaldu dute kisulabearen eskuineko aldetik, Garaikoetxea bordara igotzeko. Bertako iturria ura edan eta atseden ttiki bat hartzeko leku aproposa da hau. Hamar minutuz oinez ibili eta Perralekura iritsiko dira. Gero bi aukera daude, Ezkurrara itzultzea pistan barna edo Erakurrira garaman bidea hartzea eta kilometro baten buruan, uraren deposituaren beheko aldetik Ibia baserrira joatea Baztanea bordara doan pistatik segiz. Herrira hilerri eta elizako bidetik iritsiko lirateke edo Matxinea eta garbitegi ondotik.
ESKOLA BERRITZEN
1999an ateak itxi ondotik eraikinaren egoera txarrera joan da eta batez ere teilatuak jasan ditu kalterik nabarmenenak. Udaletxeak aspalditik zeukan konpontzeko asmoa baina krisiaren eta dirulaguntza gabeziaren ondorioz, atzeratu egin dira obrak. Azkenean aurten jaso dute espero zen diru laguntza.
Lau eraikuntza enpresek aurkeztu zituzten euren proiektuak eta azkenean, Betilan enpresari eman zioten obra egiteko ardura eskaintzarik oberena berea zelako. Iraila bukaerarako teilatu berriko lanak bukatu eta eraikinaren aurrealdea txukuntzea espero dute. Aurrerago eraikina barrutik nola berritu eta zertarako erabili aztertu beharko da.