Arkupeak elkarteak ere bat egin du Gente 3.0 programarekin

Fernando ETXEBERRIA 2014ko ekainaren 26a

Gente 3.0 programaren hitzarmena sinatzen Bañares, Diez Fontana eta Alli. Fernando ETXEBERRIA

Nafarroako Gobernuak eta La Caixak programa bultzatzeko hitzarmena sinatu dute Donezteben

Nafarroako adintuen zahartze aktiboa eta osasungarria bultzatzeko helburuarekin eratu den Gente 3.0 programa sustatzeko elkarlan hitzarmena sinatu zuten Nafarroako Gobernuko Gizarte Politiken departamentuak eta La Caixako Gizarte-Ekin­tzak ekainaren 9an. Doneztebeko Arkupeak elkartearen egoitzan eman zuten sinadura Iñigo Alli, Nafarroako Gobernuko Gizarte Politiken departamentuko kontseilariak eta Ana Diez Fontana, La Caixako Nafarroako zuzendariak. Arkupeak elkarteak ere hitzarmenarekin bat egin du, Pedro Bañares presidentearen sinaduraren bidez.
 
Eskualdean 2.600 bazkide dituen Arkupeak elkarteaz gain, Iruña, Lizarra, Tutera, Barañain eta Atarrabiako adinekoen elkarteek ere Gente 3.0 programarekin bat egin dute. Joan den urtean 76 jarduera egin ziren programa honen baitan, 1.127 per­tsonen partehartzearekin.
 
Zehazki, Gente 3.0 programaren bidez, Informazio eta Komunikazio Teknologietan Formakuntza sustatzen dute, baita gizarte partizipazioa eta Boluntariotza ere. Modu berean, Osasuna eta Ongizatea sustatzeko taile­rrak ere egiten dituzte.
Arkupeak elkarteak hitzarmen honi buruz eta irailetik aurrera eka­rriko dituen jarduera, kurtso eta solasaldien gaineko informazioa eskainiko du.
 
BIDAIA GEHIAGO
Ekainaren 19an Zaragoza bisitatzeko bidaia egin zuten 120 bazkidek. Castejonen gelditu ondotik, Aragoiko hiriburua autobus panoramikoan ikusi zuten. Besteak beste, Expoko rezintoa, La Seo, Aljaferiako jauregia… Bazkalondoan ere monumentu gehiago ikusteko edo pasiatzeko aukera izan zuten bazkideek.
 
Aipatzekoa da Europan barna irailean eginen duten bidaiarako 95 lagunek eman dutela dagoeneko izena eta beste 8k Puente Viesgora joateko.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun