Egun bikaina izan zen ekainaren 14a. Aitzineko alean agertu bezala, Herriko Ostatuak bere bigarren urteurrena ospatzeko egitarau zabala prestatu zuen. Goizpartean eskulangileek beraien lana eskaini zuten. Jende aunitz bildu zen, batzuk kanpotik etorritakoak eta aholkuak ematen zituztenak ere bazeuden. Denera, 14 bat postu jarri zituzten eta bi herritarrek, birziklatutako gauzekin egindako eskulanak ere erakutsi zituzten. Saltzaileek euren eskaintza egin zuten eta azoka gisako giro polita izan zen herrian. Ondoren, 14:00ak aldera, trikitixak alaiturik Angeluxtxoa izan zen ardoz eta edariz ongi bustua, Baco jainkoari eskainia. Gero, herri bazkaria izan zen eta arratsaldea ere giro politean joan zen.
Arratsalde-gau partean, La Jodedera taldeak kontzertu mundiala eskaini zuen. Kubatar kantek euskaraz abestuta ere bere xarma ez dutela galtzen erakutsi zuten taldekoek. Segidan parrillada izan zen eta gero, giro polita jarri zuen Tororo DJak.
Eskerrak eman behar zaizkie Herriko Ostatuko kideei, hain egun polita eta herrikoia plantatzeagatik. Mila esker Itsaso eta Xabi eta euren laguntzaile Luxio eta Ferminari, segi horretan!