Doneztebetik 6 autobus bete-beteta Gure Esku Dago ekimenaren 108. kilometroa betetzera abiatu ziren ekainaren 8an. Malerrekatik 400 lagun baino gehiago ziren eta Baztan eta Bortzirietakoekin bat eginda 1.300 baino gehiago elkartu ziren. Dena bikain joan zen, 107. kilometroko zati bat ere betetzen lagundu zuten bertaratu zirenek. Txalaparta, joaldunak… dena jai giroan: hamaiketakoak, argazkiak, txaloak… 11:45ean alarma piztu zen, 109. kilometroan jendea falta zen. Une hartan kilometroko arduradunek erabaki zuten suge urdin hura mugitu eta luzatu behar zela hutsune hori betetzeko. 10 minutuz eta joaldunen erritmoan suge urdina mugitu zen eta eguerdirako, altxaferoa piztu zenean katea erabat osatuta gelditu zen. Aipatu behar da egun horretako antolakuntza bikaina izan zela, jendeak ederki errespetu zituela emandako aginduak eta horrela kotxe eta autobusak arrunt ongi kudeatu zirela. Ea egun horretan bizitutakoak, amets zoragarri honek, kimu honek, etorkizunean fruituak ematen dituen.