Laguntza eskainiz, irribarreen truke

Eneritz IRAOLA 2014ko ekainaren 26a

Maritxu Elkarrizan taldeko boluntarioa da eta asteartero joaten da Zahar Etxera Migel bisitatzera Jokin APEZETXEA

Gizarteko beharrei erantzuteko ezinbertzeko lanabesak dira eskualdeko boluntario taldeak

Euren denbora jartzen dute bertzeen eskura, trukean irabazi ekonomikorik jaso gabe. Laguntasuna, lagun­tza... eskaintzen dute eta hala, bertzeak bertze paseorako lagun, irakasle edota auto gidari bihurtzen dira. Eskualdean, bi taldetan bil­tzen dira boluntarioak, TTIPI-TTAPA beraiekin bildu da eskaintzen duten zerbitzua ezagutzeko.

Boluntario izenak argi adierazten du, borondatea dela gakoa, segundoak kontatuz gabiltzan garaian minutuak oparitzen baitituzte. Oparitu edo partekatu,  «eman adina jasotzen dugu boluntarioek bueltan» aipatu digute Elkarrizan eta Bidelagun Boluntario taldeetako kideek. Eskualde mailan modu partikularrean boluntario aritzen direnak bat baino gehiago izan arren, bi hauek dira talde egitura dutenak.

BIDELAGUN 

Bidelagun Elkartean biltzen dira Baztan, Malerreka eta Bertizaranako boluntarioak eta dagoeneko 15 urte daramatzate lanean «1999an Baztanen bildutako boskote batek paratu genuen martxan. Gehienbat adineko jendearen inguruan zerbait egiteko beharra ikusi genuelako» azaldu digu Isi­dro Herguedasek, Bidelagun taldeko arduradunak. Gerora, pixkanaka beste behar ba­tzuk sortzen joan direla azaldu digu eta hauei ahal den neurrian eran­tzuteko zerbitzua osatu dutela.

 

BIDELAGUNEKO KIDE IZATEKO

• www.bidelagun.org

• 948 581 327

• 679 435 174

•bidelagun@hotmail.com

• Elizondoko egoitzan

 ELKARRIZAN

Elkarrizan taldearen oinarria berriz, 2008an sortu zen Beran, bertako Udalak bultzatuta boluntario talde bat osatu zutenean. «Mar­txan hasi ziren baina denborarekin zerbitzua indarra gal­tzen ari zela ikusi zuten. Bortzirietako Gizarte Zerbitzuengana eto­rri ziren orduan taldea  indartu eta koordina­tzeko laguntza eske» aipatu digu Jokin Apezetxeak, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuetako Langileak. Gizarte Zerbi­tzuekin elkarlanean ari dira geroztik eta hala, boluntario taldeari beharrezko bultzada eman eta 2012an Lesakara zabaldu zuten zerbitzua. Gaur egun Bor­tzirietan egiten dute lan «baina boluntario gehienak Lesaka eta Berakoak dira» aitortu digu Jokin Apezetxeak.

 ELKARRIZANEKO KIDE IZATEKO

• ssb@lesaka.net

• 948 635 036

• Etxalarko egoitzan

• Besta egunetan ­jartzen dituzten ­informazio ­postuetan

 BOLUNTARIOEN PERFILA

 Gazteen artean pixkanaka hedatzen doan arren, jende adintua eta  erretiroa hartua dutenak dira orokorrean boluntario aritzen direnak. Historikoki emakumezkoak ziren gehienak, baina badirudi arlo horretan aldaketa gertatzen ari dela pixkanaka «gizonezkoek ez al dakigu zaintzen edo? Ez gara gai? galdetzen hasi zen jendea, eske­rrak mentalitate aldaketa hau gertatu den» dio Apezetxeak. Herguedasek ere aldaketa hori gertatzen ari dela dio baina gaineratzen du «oraindik badela zer egina». Bi elkarteek zabaldu nahi dute boluntarioen sarea, eskaintzen duten zerbi­tzua sendoagoa izateko. Horregatik, «denbora librea izan eta lagun­tzeko borondatea duten guztiei boluntario izateko» deia luza­tzen diete bi taldeetako kideek. «Behar sozialei erantzun bat eman eta norbere burua betetzeko, aberasteko modua da» gaineratzen dute. Ai­tziber Esnaolak ere, Elkarrizan taldeko kide gazteenetakoak azpimarratzen du «aunitz ikasten» ari dela esperientzia honetatik.

Interesa dutenek elkarteekin harremanetan jarri eta eskaini nahi duten zerbitzua zein den aipatu beharko dute. Elkarteak izanen dira gero beraiekin harremanetan jarriko direnak, bien artean zerbitzua zehazteko.

 

KONPAINIA

«Bertzeari laguntasuna eskaintzea, ­entzutea, bere alboan norbait duela ­sentiaraztea... da aunitzetan konponbidea, gizarte honetako arazo ­larrienetakoa ­bakardadea baita»

Jokin APEZETXEA (Bortzirietako Gizarte Zerbitzuetako Langilea)

 

KONPAINIA

«Boluntarioak ez gaude beste inori lana kentzeko, dohainik egiten dugu egiten dugun guztia. Pertsona jakin batzuei bertzenaz eskuratzerik ez duten zerbitzu bat eskain­tzea da gure helburua»

Isidro HERGUEDAS (Bidelagun Elkarteko Arduraduna)

 ESKAINTZA ZABALA

Boluntarioek eskain­tzen duten zerbitzurik ezagunena adinekoei  zuzendutakoa da eta eskualdean ere hauxe da indar gehien duena. Elkarrizan boluntario taldekoak Berako eta Lesakako Adineko Egoi­tzetara joan ohi dira bisitan. Asteartero Lesakako adinekoei paseora lagun­tzen diete eta Berako Adineko Egoi­tzara bisitan joateaz gain, kantu zaharrak abes­ten ere egoten dira elkarrekin or­tzegunetan. Bidelagun boluntario taldekoak bertzalde, Elizondoko San Francisco Javier eta Benito Mennin daudenekin elkartu ohi dira.

Horretaz gain, autonomia puntu bat dutenen etxeetara ere joaten dira, beraiekin egon eta, hala, jarraipen bat egiten diete. Izan ere, Jokin Apezetxeak erran digunez «gizarteko egoerak bil­tzen dituzten begiak dira boluntarioak, etxeetan lagun­tza eskaini eta egon litezkeen beharrak ikusten dituztenak».

Ospitaletan lagun­tza ere eskaintzen dute bi elkarteek. Sare familiar bat ez dagoen kasuetan boluntarioek betetzen dute laguntzaileen papera eta kontsultara lagundu edo ingresoetan konpainia egiten diete. «Gertatzen da aunitz euskaldunak diren adinekoekin, arro­tza den ingurune batean egon eta gainera euskaraz hitz egiten ez duen batekin tokatzea. Kasu horietan lasaitasun handia ematen diete norbait ondoan izateak» aipatu digu Apezetxeak.

Aspacekoekin ere elkartzen dira Bortzirietako boluntarioak, abes­tu eta dantzatuz ederki pasatzeko.

Jubiloteka zerbitzua ere eskaintzen dute Beran eta bertan eskulanak egin eta kantuan ere ari­tzen dira. Bertara joateko, garraio zerbitzua ere antolatu dute. Boluntarioak dira astelehen, asteazken eta or­tziraletan lesaka­rrak Berara eramateaz ardura­tzen direnak, Aspacekoek uzten dieten furgonetan.

Helduen alfabetizazioa da boluntarioen lanaren bertze ardatzetako bat. Etorkinen integrazioa lortzeko, «tresna oso baliagarria bihurtu da gurean» dio Isidrok «harrera egiten diegu, alfabetizazio kanpaina bat jartzen dugu martxan, bidea erraztu nahi diegu» azaldu digu. Malerrekan, gaztelania ikasteko talde bat orain sortzear daudela ere erran digu. Bortzirietan urteak dira zerbitzu hau martxan paratu zela eta zegoen behar bati irtenbidea eman zioten horrela, «euskara ikasi nahi zutenak Euskara Mankomunitatera bideratzen genituen, baina gazteleraz ikasi nahi bazuten aukerarik ez zutela nabaritu genuen, astean ordu eta erdiz klaseak ematen dizkieten boluntarioak topatu genituen, garai batean irakasle izandakoak edo bertzerik gabe irakasteko nahia zutenak».

Eskola laguntza edo klase partikula­rrak ere eskaintzen dituzte abuztuan. Astearte eta ortzegunetan, ordu eta erdiz elizak utzitako gela batean biltzen dira Lesakan zailtasun ekonomikoak dituzten ikasleei laguntza eskaintzeko.

Horretaz gain, gizarte osoari zuzendutako zerbitzuak ere paratu dituzte martxan Bidelagunekoek. Bigarren eskuko arropa biltegi bat eta lan poltsa bat osatu dituzte eta bertan ere, boluntarioak ari dira lanean.

BOLUNTARIOEN ESKUBIDEAK

 • Boluntarioki, modu librean eskaintzen duten zerbitzua da eta beraiek erabakiko dute ­zerbitzuaren maiztasuna eta iraupena.

• Behar dituzten argibideak, prestakuntza, orientazioa, laguntza eta, hala behar izanez gero, baliabide material guztiak jasotzea.

• Boluntariotzan aritzeagatik gerta litezkeen ­istripu eta eritasun arriskuen kontrako aseguruak izatea.

• Beren beharretan sortutako gastuak kobra­tzea (kilometrajea).

BOLUNTARIOEN BETEBEHARRAK

 • Boluntario taldearekin hartutako konpromisoak bete eta taldearen helburuak eta araudia errespetatzea.

• Eskaintzen duten zerbitzuagatik edozein kontraprestazio materiali uko egitea: dohainik ­eskaintzen dute beren denbora.

• Zerbitzua jasotzen duenaren borondatea eta konfidentzialtasuna errespetatzea.

• Ahalik eta zerbitzu profesionalena eskain­tzea, horretarako eskaintzen diren formazio saioetan aktiboki parte hartuz.

ZERBITZUA DA, EZ LANA

«Boluntarioak ez gaude lana inori ken­tzeko» erran digute hasiera hasieratik. Uste okerrei segika, behin baino gehiagotan «nahasi izan da zaintzailearen paperarekin edo zerbitzu hauek eskain­tzen dituzten profesionalei kalte egiten diegula erran izan dute. Baina guk ez dugu irabazi ekonomikorik lor­tzen eta eskain­tzen duguna aldi bateko konpainia edo zerbitzu bat da». Ekonomikoki egoera zaila dutenei edota bazterketa sozial arris­kuan daudenei, bertzela eskuratu ezinen luketen zerbitzu bat ematea da boluntarioen helburua. Gainera, Gizarte Zerbitzuekin etengabeko kontaktuan egon ohi dira, zerbitzua ikuskatzeko «mugak daude, eta horiek argi eduki behar dira. Edozein arazoren aitzinean gizarte zerbi­tzuengana jo behar dugu». Ikuspuntu profesional bat izaten jakin behar dute boluntarioek «pisu emozional handia du egiten dugunak eta prest egon behar dugu egoera desberdinetan nola jokatu jakiteko».

HARTU EMAN ESTUA

Boluntariotzari esker, «bertzela ezagutuko ez nukeen jendearekin ha­rremanetan nago» aipatu digute. Adin, sexu eta jatorri desberdinetako pertsonak lotzen ditu boluntariotzak. Bata bertzearen errutinaren parte bihurtzen dira eta harreman «estuak» sor­tzen dira.

Guztiek bat egiten dute aipatzean eskain­tzen duten denbora, ez dela galdutako denbora, irabazitakoa baizik, «nabari duzun esker onak barrua bete eta ongi sentiarazten zaituelako».

ELKARRIZAN ETA BIDELAGUN TALDEETAKO BOLUNTARIOEKIN SOLASEAN

IRAKATSI ETA IKASI

«Oso aberasgarria da besteei zerbait irakasten saiatu eta aurrerapausoak nola ematen dituzten ikustea»
 
Elina RODRIGEZ
Bidelaguneko boluntarioa Helduen alfabetizazioan
 
 
BEHARREI ERANTZUN
«Laguntza beharra zegoela nabaritu nuen eta aukera nuenez, nire esku zegoena egitea erabaki nuen»
 
Maritxu GAGO
Elkarrizan taldeko boluntarioa
Helduei laguntasuna eskaini
 
 
JENDEA EZAGUTU
«Bertzela jasoko ez luketen zerbitzua eskaintzen dugu eta harreman sozial berriak sortzen dira»
 
Santi MAYA
Elkarrizan taldeko boluntarioa
Jubilotekako garraiolaria
 
BIKOITZA JASO
«Denbora eskaini ez, konpartitu egiten dugu. Guretik bi eman eta lau jasotzen ditugu ­bueltan»
 
Joxe Mari IRAZOKI
Elkarrizan taldeko boluntarioa
Helduen alfabetizazioa
 
 
 
 
 

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun