Ezkurra eta Leitzako 52 mendizalek Ezkurra eta Leitza arteko bidea egin zuten ekainaren 28an, larunbat goizean. Arantzako jatorria duten eta Leitzan bizi diren Iparratarren ekimenez egin zen mendi itzulia.
Taldea Perralekutik abiatu zen larunbat goizeko 6:30ean. Ezkainera igo eta Olegin barna lehen geldialdia egin zuten Iruñarriko menhirrean atseden hartzeko. Hiru orduko ibilbidea egin ondotik, Sorgin Zelaira iritsi ziren eta bertan hamarretakoa egin zuten. Loizateko ataka igaro eta Ekaitzara igo ziren gero. Han ezbehar ttiki bat gertatu zen, mendizaleetako batek, Jose Mari Etxeberriak eskuineko oinean min handia sentitu eta oinez segitzeko modurik ez zuelako. Hala ere, presaraino jausteko modua izan zuen eta bertatik Jose Mari Elizaldek kotxez Doneztebeko osasun etxera eraman zuen. Mendikuak ehun haustura zuela erran eta hamabost eguneko atsedenaldia gomendatu zion.
Mendizaleetako batzuk Mendaurko ermitara igo ziren eta zazpi ordu eta erdiko ibilbidea eginda, denak Arantzako Aterpean elkartu ziren. Bertan bazkaldu eta giro bikaina izan zuten bazkalondoan kantari: Erribera, Txoria txori, Urepeleko Artzaia… Arratsaldeko seietan autobusa hartu eta zortziak aldera iritsi ziren Leitzara.