Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritza Zuzendaritzak ebatzi du dagoeneko turismoa garatzeko ekintzetarako elkarte, tokiko erakunde eta partzuergoentzako laguntzen deialdia. Deialdi horretarako, 2013ko urriaren 1etik 2014ko irailaren 30era egindako ekintzak hartu dira kontuan. Horrez gain, marketin-jardueretarako diru-laguntzak ere ebatzi ditu.
Lehen deialdian 270.000 euro banatu dira guztira diru-laguntza gisa, turismo-elkarte, Partzuergo eta tokiko erakundeen artean.
Eskualdeari dagokionez, Plazaolako Partzuergo Turistikoak 25.332,50 euroko diru-laguntza jaso du (62.500 euroko aurrekontua aurkeztua zuen): 2.299,40 euroko laguntza Bide Berdeen Eguna antolatzeagatik, 3.431,94 euro Lekunberriko Aitzinako Azokarengatik, 1.304,14 euro Imotzeko Bidaxken Egunarengatik, 1.715,97 euro Leitzako Talo Egunarengatik, 1.544,37 euro BTT ibilaldia eta Maratoi Erdiarengatik eta 15.036,68 euro kudeaketa lanengatik.
Bertizko Partzuergo Turistikoak 28.703,28 euroko laguntza jaso du (59.401 euroko aurrekontutik): 2.049,69 Pilotaren Unibertsoa antolatzeagatik, 1.861,32 euro Urdazubiko Burdinaren Egunarengatik, 3.311,29 Artzaina: Nafarroako ofizio bat egitasmoarengatik eta 21.480,98 euro kudeaketa lanengatik.
Elkarteei dagokienez, Nafarroako Onddo eta Zizen Kofradiak 5.226,48 euroko dirulaguntza eskuratu du 2014an Mikologia Hilabetea antolatzeko Elgorriagan eta Dantxarineako Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuen Elkarteak 1.909,94 eurokoa Mendekoste Eguna antolatzeko.
Turismoaren marketina egiteko laguntzak
Turismo Zuzendaritza Nagusiak 175.054 euroko diru-laguntza ematea erabaki du azoka eta aurkezpen turistikoetara joatea, hedapenerako materiala, publizitate-kanpainak, webguneak eta sarean marketin-ekintzak egitea, marketin alorreko prestakuntza-ekintzak eta sektoreko teknologia berriak eta berrikuntza bezalako proiektuetarako.
Hogeita bi elkartetako 118 eskaera aurkeztu dira guztira. Horietatik 107 marketin-jarduera onartu dira eta guztira 139.377,92 euro jaso dituzte. Erraterako, Hiruak Bat Landetxeen Elkarteak 7.797,13 euroko laguntza jaso du, Baztan-Bidasoaldeko Baliabide Turistikoen Gida argitaratzeko (5.500 euro), Baztan-Bidasoan zer bisitatu hiruorrirako (330 euro), publizitaterako (1.637,13 euro) eta elkartearen webgunea hobetzeko (330 euro).
Bost partzuergotako 22 eskaera ere bidali dira; horietatik 19 onartu eta finantzatu dira 63.645,35 euroko aurrekontuarekin. Kasu honetan, Plazaolako Partzuergoari 13.575 euroko dirulaguntza eman zaio eta Bertizko Partzuergoari 14.615,36 euroko laguntza.