Legegintzako Herri Ekimena babesteko jaso dituen 14.635 sinadura aurkeztu zituen ekainaren 18an ELAk Nafarroako Gobernuan. Baztan-Bidasoaldean Nafarroako parlamentuan eztabaidatuko den Legegintzako Herri Ekimen honen bitartez, enpresak aldatzen direnean langile azpikontratatuen subrogazio-eskubidea izatea eta gutxieneko lan eta soldata baldintzak bermatu nahi ditu ELAk.
Azken hilabeteetan lantoki eta herri ezberdinetan ibili da ELA sinadurak jasotzen eta behar zuten kopurua bikoiztu egin dute. Baztan-Bidasoaldean ere 834 sinadura bildu dituzte.
Herri Ekimen hau Nafarroako Gobernura eramateaz gain, Baztan-Bidasoaldeko zenbait udaletxera joko du ELAk, mozio bidez Legegintza Herri Ekimen hau kontuan hartu eta beraien lan ildoan barneratu eta konpromezua har dezaten.
«Argi daukagu –diote ELAtik– krisi egoera honetatik ateratzeko ezinbestekoa dela langileen lan baldintzak mantentzea edo hobetzea eta horretarako, agintzen gaituzten politikariek zer esan handia dutela».
ELAk eskerrak eman nahi dizkie sinatu duten guztiei eta, «batez ere sinadura bilketan buru belarri ibili zareten ELAko militante guztioi, zuen laguntza eta esfortzurik gabe, ezingo baitzen horrelako sinadura kopururik batu».