Errekako Emakume Korrikalari Taldea helburuak bete ditu lehen denboraldian

TTIPI-TTAPA 2014ko ekainaren 23a

Erreka EKTko ordezkariak Doneztebeko Krosa hasi baino lehen. Utzitako argazkia

Eskualdeko eta eskualdez kanpoko hainbat probatan parte hartu dute

Joan den urteko urrian hasi zen lanean Errekako Emakume Korrikalari Taldea (EKT), atletismoa praktikatuz emakumeek kirolean gero eta gehiago parte hartzeko helburuarekin. Lehenbiziko urte honetan itxaropen guziak bete eta gainditzen ari dira.

Joan den urteko urrian hasi zen lanean Errekako Emakume Korrikalari Taldea (EKT), atletismoa praktikatuz emakumeek kirolean gero eta gehiago parte hartzeko helburuarekin. Lehenbiziko urte honetan itxaropen guziak bete eta gainditzen ari dira.

Hasierako bilera deitu zutenean ez zuten garbi zenbat jende hurbilduko zen, baina 23 emakume joan ziren. Hortaz, bi talde egitea erabaki zen: bat hasiberriekin eta bertzea korrika ibiltzeko ohitura handiagoa zutenekin.

Ikasturtea hasteko Manttaleren esperientzia eta babesa izan zuten eta Idoia Maritxalar, Iñaki Pikabe, Patxi Irazoki eta Cristina Arbues izan ziren taldea martxan jarri zuten lehen monitoreak. Baina denboraldia aitzinera zihoan neurrian, lana eta taldea bateratzeko zailtasunak zituztenez, Iñigo Arregi doneztebarrak hartu zuen taldearen ardura eta bera izan da monitorea denboraldi bukaera bitarte.

Manttale taldetik jakinarazi zutenez, «progresioa sinestezina izan da, 10 minutu korrika egiten hasten dira eta denboraldi bukaerako 45 minutu lasterka aritzeko eta edozein proba egiteko gai dira». Eta horrelaxe izan da.

Bertzeak bertze, aurten Doneztebeko San Silbestre lasterketan, Leitzako Krosean, Donostiako Lilatonean eta, azkenik, Donezteko Krosean hartu dute parte. Heldu den denboraldiari begira, helburu zabalagoak ere bete nahi dituzte, eta Sunbillan irailean eginen den 800 Dukado lasterketaren antolatzaileek egindako gonbidapenari baiezkoa eman diote. Aipagarria da Erreka EKT taldeko emakume gehienek parte hartu dutela Doneztebeko Krosean eta gisa honetara, bertze pertsonak ere parte hartzera animatzeko erreferente bilakatu dira. Horixe baita helburuetako bat, kirola sustatu, ikusarazi eta emakumeak praktikatzera bultzatu. Lehenbiziko helburua, halere, ongi pasatzea, bertze pertsonak ezagutu eta kirol eginez une goxoak pasatza da.

Denboraldia akitzeko bazkaria ere egin zuten eta entrenamendu dinamikarekin segitzekotan gelditu ziren: urrira bitarte beraien kabuz biltzen segituko dute eta urritik aitzinera Iñigo Arregik hartuko du entrenamenduen ardura. Dena den Erreka EKTtik garbi utzi nahi dute emakume gehiagorendako ere ateak zabalik dituztela eta horretarako Erreka Kirol Elkartearekin harremanean jartzea aski da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun