Amaiurrek irabazi du 300 kiloko txapela ere

TTIPI-TTAPA 2014ko ekainaren 12a

Amaiur eta Beti Gazteren arteko finaleko tiraldietako bat. Aitor Arotzena

Maiatzaren 31n Lesakan jokatutako final gogorrean irabazi zion Beti Gazteri

Maiatzaren 31n jokatu zen Lesakan Nafarroako lauko sokatira txapelketako laugarren eta azken jardunaldia. Gizonezkoen 300 kiloko final gogorrean, Amaiur A nagusitu zitzaion etxeko Beti Gazte B taldeari. Emakumezkoen 245 kiloko kategorian Basaburua-Imotz izan zen jaun eta jabe eta kadetetan Ul­tzama.
 
Gizasemeen kategorian aritu diren zortzi taldeak bi multzotan banatu ziren, lehen jardunaldian bezala. Lehenbiziko multzoan Amaiur A nagusitu zen, Be­rriozar bigarren, Beti Gazte A hirugarren eta Txantrea laugarren. Bigarren multzoan Beti Gazte B izan zen indar­tsuena, Basaburua-Imotz, Amaiur B eta Kaskalluetaren aitzinetik.
 
Ondotik, postuaren araberako kanporaketak jokatu zituzten: mul­tzo bakoitzeko lehenbizikoa bertzearen biga­rrenaren kontra eta hirugarrenak laugarrenen kontra. Horren arabera, zazpigarren eta zortzigarren posturako lehia Amaiur Bk eta Kaska­lluetak jokatu zuten eta Txantreakoak nagusitu ziren. Bosgarren eta seiga­rren posturako lehian Beti Gazte Ak irabazi zion Txantreari. Hirugarren postua lortzeko eta, beraz, podiumean sartzeko lehia Be­rriozarrek irabazi zion Basaburua-Imotzi. Eta final handian, Amaiur Ak lana gogotik egin behar izan zuen Beti Gazte B menperatzeko. Bi tiraldi ikusgarriak izan ziren. Lehenbizikoa, 5 minututik goitikoa, Amaiu­rrek irabazi zuen, Beti Gazteri hiru falta adierazita (Amaiurrek bi bazituen ordurako). Biga­rrenean ere 3 minutu baino gehiago aritu ziren sokan eta azkenean, berriz ere baztandarrak gailendu zitzaien lesakarrei. Hortaz, 320 eta 300 kiloko txapelak, biak jantzi ditu Amaiurrek aurten.
 
Emakumezkoetan, Basaburua-Imotz izan zen garaile, Berriozar, Txantrea eta Amaiurren aitzinetik. 245 nahiz 265 kiloko kategorietako tiraldi guziak irabazi ditu Basaburua-Imotzek.
 
Kadeteen kategorian, aitzineko saioetan bezala, Ultzama izan zen onena, Andra Mari, Be­rriozar eta Putterriren aitzinetik.
 
Sari banaketan, Xabier Urrutia Nafarroako Herri Kirol Federazioko presidentea eta Jose Luis Sunsundegi Beti Gazteko presidentea aritu ziren.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun