Nafarroako Gobernuak dohaintza gisa jaso du Juainas Paul Arzak zubietarraren liburutegi pribatua

TTIPI-TTAPA 2014ko ekainaren 17a

1.600 liburu baino gehiago eman dizkio dohaintzan Juainas Paulek Nafarroako Gobernuari. Artxiboko argazkia

Historia, filosofia, politika, soziologia, antropologia, etnografia edo ekonomia bezalako gaiei buruzko 1.600 liburuki baino gehiagok osatzen dute

Nafarroako Gobernuak, aspaldiko urteetan Zubietan bizi den Juan Ignacio Paul Arzak donostiarraren liburutegi pribatua jaso du dohaintzan. Bidasoa Ikerketa Zentroari lotutako ikertzailea da Juainas eta ttipi-ttapako laguntzaile aspaldiko urteetan. Liburutegia 1.600 alek baino gehiagok osatzen dute; azken hamarkadetan egindako ikerketa-lanen emaitza da.

Nafarroako Gobernuak, aspaldiko urteetan Zubietan bizi den Juan Ignacio Paul Arzak donostiarraren liburutegi pribatua jaso du dohaintzan. Bidasoa Ikerketa Zentroari lotutako ikertzailea da Juainas eta ttipi-ttapako laguntzaile aspaldiko urteetan. Liburutegia 1.600 alek baino gehiagok osatzen dute; azken hamarkadetan egindako ikerketa-lanen emaitza da.

Aleen gaiak eta edukiak direla-eta, bilduma bibliografiko interesgarria da, eta jabeak bizitzako hainbat etapatan izan dituen gustuen eta zaletasunen isla da. Liburuen bilduma osatua da bilketa-lan handia egin delako, eta lan hori ezinbestekoa izan da jabearen prestakuntza intelektuala aberasteko, sorginkeriari eta euskal landa-bizitzari buruzko ikerketak egiteko eta irakasle gisa izan zuen lanbidean aritzeko.

Dohaintzan emandako liburuen gai nagusiak, historia, filosofia, politika, soziologia, antropologia, etnografia eta ekonomia dira. Gehienak estatuan argitaratutakoak dira, baina badaude Argentina, Mexiko, Kuba, Guatemala, Brasil eta Venezuela bezalako herrialde latinoamerikarretan argitaratutako aleak ere. Era berean, gaztelaniazko liburuak dira gehienak, baina euskarazkoak ere asko dira, baita, frantsesez, katalanez, italieraz eta polonieraz argitaratutakoak ere.

Bilduma bibliografikoa Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren parte izango da hemendik aurrera, eta instituzio horrek babestuko du. Une honetan aleak katalogatzeko lanak hasiak dituzte, ikertzaileen esku ahalik azkarren jarri ahal izateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun