Emakumeen Munduko Lehen Mendi Maratoia Sunbillan hasi eta bukatuko da

TTIPI-TTAPA 2014ko ekainaren 12a

Sunbilla eta inguruko mendietan barna osatuko dute 42 kilometroko ibilbidea. Utzitako argazkia.

800 Dukado izenarekin, Sunbilla, Doneztebe, Elgorriaga eta Narbarte herrietan eginen da

Emakumeen Munduko Lehen Mendi Maratoia Sunbilla, Doneztebe, Elgorriaga eta Narbartek osatzen duten Bidasoa-Berroaran mendietan jokatuko da datorren irailaren 7an, igandez. Maiatzaren 27tik aitzinera izen-emate epea irekia dago www.800dukado.org webgunean.  

EMAKUME TRAIL-ARI BULTZADA

Running-ak izuga­rrizko gorakada izan duela gauza jakina da, baina bertze arlo ugaritan gertatzen den bezala, emakumeek gizonek baino bide luzeagoa dute egiteko. Estatu Batuetan edo Europa Iparraldeko lasterketetan gizon eta emakumeen parte hartze por­tzentajea berdintsua izatera iritsi bada ere, gurean emakumeen parte hartzea %21 ingurukoa da errepidean eta %7a mendi lasterketetan.

Abiatu Kirol Klubak, probaren sustatzaileak, emakumeen kirolari bultzada eman nahi dio mendi maratoi honen antolakuntzarekin; emakumeentzat berariaz sortua den mendi maratoi honek, bizipen paregabea eskaintzen dio emakumeari, ingurune ezin ederrago batean. 

ZERGATIK 800 DUKADO?

Probaren izenaren jatorria, historiaren pasarte batean oinarritzen da: 800 dukadokoa izan zen Nafarroako Erregeak, 1500. urte inguruan, Sunbillako lehen ha­rrizko zubia eraikitzeko egin zuen eskaintza; ibaiaren igoeraren ondorioz etengabe hausturak jasaten zituen egu­rrezko zubia ordezka­tzeko balio izan zuen eskaintzak. Sunbillako zubiak berebiziko interes estrategikoa izan zuen, izan ere, Nafarroa Gipuzkoarekin eta Frantziarekin lotzen zituen Erret Bidean kokatua zegoen. 

Pribilegio erreala zuten lau herrien artean ordainduak izan ziren harrizko zubiaren eraikitze lanak (300 dukado Sunbillak, 200 dukado Narbartek, 135 dukado Doneztebek, 115 dukado Elgorriagak eta 50 dukado kanpotarrek) eta oraingoan, ia 500 urte beranduago, lau he­rri hauek dira, berriz ere, emakume kirolari bul­tzada emateko elkartu direnak.

Doneztebe, Elgorriaga, Narbarte eta Sunbilla herriek osatzen duten Bidasoa-Berroaran mendiak mendi lasterketetarako ezin egokiagoak dira. Lasterketa aitzindari honen ibilbideak, Mendaurko tontorra biltzeaz gain, Sus­piro, Ekaitza eta Mendieder mendiak zeharkatzen ditu eta, luze gabe, emakume kirolaren historian atal berri bat idazteko bidean da.

EMAKUME GUZTIENTZAKO LASTERKETAK

Irailaren 7an emakume guztiek oinetakoak janzteko bidea izan dezaten, maila desberdinera egokitutako mendi ibilbide desberdinak antolatuko dira, korrikalari bakoitzak bere lasterketa aukeratu ahal izateko:  

• 42 Km.ko maratoia, maila gorenekoentzat.

• 21 Km.ko erdi-maratoia, dagoeneko mendi lasterketetan arituak direnentzat. 

• 6 Km.ko lasterketa /martxa herrikoia, hasi berrientzat.  

• 800 metroko hau­rren lasterketa, –metro bat dukado bakoitzeko–. Neskek eta mutilek ere, parte hartzeko aukera izango dute, bai bakarka edo baita beraien amarekin batera. 

• 21 Km.ko Nordic Walking martxa, ibiltzea nahiago dutenentzat.

Maratoia Sunbillako zubian hasi eta bukatuko da. Zubia izango da korrikalari guztiak bilduko dituen puntua, baita erdi-maratoia Elgorriagako Bainuetxean hasiko duten korrikalariak ere. Hortaz, bi proba hauetako lasterkariek elkarrekin egingo dituzte azken 21 Km-ak eta, zubira iristean, lasterketa herrikoian eta haur lasterketan parte hartu dutenekin batera ospatuko dute beraien balentria. 

LAGUNTZAILEAK

Munduko lehen Ema­kume Mendi Maratoiak babes instituzionala jasotzeaz gain, lasterketaren ibilbidea gauzatuko den herri eta bailaretako biztanleen lagun­tza jaso du. Munduko emakumeen trail-etan erreferentea izateko helburuarekin sortzen da; iraileko lehen astebururo burutuko den galdu ezinezko hitzordua bilakatzeko asmoz.

Proiektu honen babesle gisara, bereziki aktibo gertatzen ari dira: Sunbilla, Doneztebe, Elgorriaga eta Nar­bar­teko Udalak, Nafa­rroa­ko Gobernua, Lorpen, Elgorriagako Bainuetxea, Cederna-Garalur Garapen Agentzia, Caja Rural, Ternua eta Sunbite, Sunbillako turismoaren sustapenerako elkartea (lasterketaren promoziorako bideo baten ekoizpenarekin).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun