Ehunka lagun bildu zituen Donezteben Malerrekako Egunak

Fermin ETXEKOLONEA 2014ko ekainaren 12a

Doneztebeko 16 elkarte omendu zituzten

Malerrekako Mankomunitatean dauden hamahiru udalerrietako herritarrak Donezteben bildu ziren larunbatean, hirugarren aldiz egin den Malerrekako Egunaren baitan. Lehen bi edizioetan Zubietan eta Era­tsunen izandako arrakasta errepikatuz, ehunka lagun bildu ziren egun osoan egin ziren ekitaldietan parte har­tzeko asmoz.
 
OMENALDIA
Goizean Bear Zanan eta Santa Luzia Plazan egin beharreko ekitaldi gehienak kiroldegian egin zituzten, euriaren beldur. Aurreskuaren ondotik, Doneztebeko Udalak herriko hamasei kultur eta kirol elkarteri omenaldia eskaini zien. Hain zuzen, Erreka Kirol Elkartea (Joseba Legarra), Laxoa Elkartea (Patxiku Ganboa), Doneztebe Futbol Taldea (Jaime Sein), Mendi Abesbatza (Ainara Mendia), Ezpelura emakume taldea (Marisol Arraz­toa), Txistulariak eta musika taldea (Jone Aldabe), Biherri ehiztari elkartea (Eduardo Oiartzabal), Mendaur Guraso Elkartea (Lourdes Goñi), Erreka Guraso Elkartea (Cristina Etxeberria), Askin Guraso Elkartea (Maria Jose Ezkurra) eta Agorre­ta Musika Eskola (Marta), Doneztebarrak merkatari elkartea (Natalia Rekarte), Dantzari Ttikiak (Oihana San Migel), Gazte Burrunba (Josu Telle­txea), Arkupeak eta Erral­doi konpartsa (Juan Ramon Ostiz) izan ziren omenduak. Musika Eskolako musikariak eta buruhandiak ibili ziren herrian barna eta Malerrekako herri ezberdinetako dantzariek eta Mendi Abesbatzak  emanaldia eskaini zuten.
 
Aldi berean, artisauak eta talogileak beraien produktuak erakutsi eta saldu zituzten eliz atarian eta Santa Luzia plazan betiko ofizioen erakustaldia egin zuten. Leku berean paratutako karpan egin zen paella jatea, Malerreka Kantuz-en parte har­tzen duten abeslariek lagunduta.
 
Arratsaldean, Mu­xikoak izan ziren Santa Luzia plazan, Musika Eskolako musikariek lagunduta eta Malerrekako Mus Txapelketaren finala jokatu zen. Elgo­rriagako Endika Larralde eta Xabi Olazar suer­tatu ziren txapeldun, finalean Oizko Jexux Mari eta Leireri irabazita. Ttikienek berendua izan zuten eta aizkora apustua ere jokatu zen Bearzanan. Txapelketako laxoa partida ere jokatu zen Bearzanan eta Oizek 2-9 irabazi zion Doneztebe Dri. Pilotaren inguruko erakusketa ere izan zen Kasino elkartean.
 
Ondoren zozketa egin zen. Bi saskietako bat Iturengo Mila Erregerenari suertatu zitzaion eta bertzea Maider Serrano de Miguel saldiastarrari. Bi lagunendako afaria, berriz, Doneztebeko Juan Te­lletxeari egokitu zaio. Mus txapelketako sariak banatu ondotik, hu­rrengo urteko Malerrekako Eguna antolatzeko lekukoa pasatu zioten Doneztebeko udal ordezkariek Elgorriagakoei.
 
MALERREKA LEIHOTIK BEGIRA
Malerreka Leihotik begira lehiaketaren sari banaketa ere egin zen. Argazki eta literatur lehiaketa honetan Male­rrekako eskoletako neska-mutikoek hartu dute parte eta arrakasta handia izan du, 156 lan aurkeztu baitira. Lehen Hezkuntzako 3 eta 4. Mailan, lehen saria Doneztebeko Nahia Ganboa Anzizarrek eskuratu du Galbaraialde lanarekin eta bigarrena Saldiasko Ugaitz Otxan­dorena Artzek, Saldiasko labadero bakarra lanarekin. LHko 5 eta 6. Mailan, Doneztebeko Aritz Zulaika Irigoienek lortu du lehen saria Nire txokorik kuttunena lanarekin eta bigarrena Sunbillako Jon Mikel Gaztelumendi Jorajuriak, Baratxurin punttua lanarekin. DBHn, azkenik, Mendaur institutuko Itziar Agirrek eta Idoia Gardek lortu dute lehen eta bigarren saria.
 
Joaldunekin, Santamaria jatetxean egindako afariarekin eta Oharkabe taldearen musikarekin akitu zen Malerrekako Egunaren hiruga­rren edizio hau.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun