Haur-Hezkuntza zentruen jabe diren Nafarroako hogei udaleko alkate eta zinegotziek Haur Hezkuntzako Lehen Zikloko ikastetxeen kudeaketa finantziatzeko hitzarmena erregistratu zuten ekainaren 10ean Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuan. Heldu den ikasturterako Nafarroako Gobernuak proposatzen duen finantzaketan, Departamentuaren diru-ekarpena legez dagokionaren %70era murriztuko litzake eta horrek zerbitzuaren jarraipena arriskuan jartzen duela salatu dute.
Haur Hezkuntza zentruak dituzten Agoitz, Altsasu, Arbizu, Atarrabia, Baztan, Bera, Berriozar, Betelu, Carcastillo, Cascante, Eguesibar, Esteríbar, Gares, Huarte, Iza, Lakuntza, Leitza, Lodosa, Oltza, Orkoien eta Uharte Arakilgo udal ordezkariak Eguesibarren bildu ziren maiatzaren 20an, hitzarmen bateratua lantzeko eta hauxe izan da Nafarroako Gobernuan aurkeztu dutena.
Udal ordezkari guztiek bere ezinegona eta kexua adierazi dute Departamentuak nahi duen diru murrizketarengatik. Nafarroako Gobernuari dagokion %100aren diru-jartzea bermatzen duen hitzarmena aurkeztu dute eta ahobatez adierazi zuten, etorkizunerako ikasturteetarako Haur-Hezkuntzaren finantzapena ikasturte bakoitzeko hasiera baino lehendik bermatuta egon behar duela.