TTIPI-TTAPAren Hego Euskal Herriko eremuan dauden 25 udalerrietatik hamazazpik 16.896.000 euroko zorrekin itxi zuten 2013a. Hala ondoriozta daiteke Espainiako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Ministerioak berriki argitaratu dituen datuetatik. Emandako zenbakiak banketxeetan dauden zorrak dira.
ZORRIK HAUNDIENA, HERRI HAUNDIENETAN
Txostenaren arabera, zor haundiena dutenak udalerririk haundienak dira. Baztan dago lehendabiziko postuan 6.672.000 euroko zorrarekin; ondotik Lesaka 4.471.000 eurorekin; hirugarren Leitza 1.246.000 euroko zorrarekin eta laugarren Bera 1.135.000 euroko zorpetze mailarekin.
Bertze udal batzuek, ordea, ez zuten euro bakar bateko zorrik joan den urte bukaeran. Eta horixe da Arano, Beintza-Labaien, Donamaria, Ezkurra, Goizueta, Saldias, Urroz eta Zubietaren kasua.
Gainerako udalak milioi bat euroko zorraren azpitik daude.
ZORPETXE BAXUAGOA
2012ko abenduaren 31n udalen zorpetze maila kontuan hartuz, 1.551.000 eurotan jeitsi da, hau da, 2012 bukaeran baino %8,4 ttikiagoa zen 2013 hondarrean udalek zuten zorra. Ia udal guztiek egin dute beheiti zorpetze mailan, Elgorriagak izan ezik. Zorrik gabe segitzen dutenak, berriz, berdinak dira.
Bertzalde, Nafarroako datuak aintzat hartuz, guztira 274,2 milioi euroko zorra dute udalek. Zor haundiena dutenak Iruñea (97,15 milio euro), Tutera (21,14 milioi euro) eta Castejon (8,79 milioi euro) dira.
DATUA
8
UDAL ZORRIK GABEAK
Arano, Beintza-Labaien, Donamaria, Ezkurra, Goizueta, Saldias, Urroz eta Zubietak ez dute inongo zorrik banketxeekin.