Txertoen onurak frogatuak daudela diote batzuk eta beharrezkoak direla; bertze batzuek, aldiz, zalantza egiten dute onura horiekin eta gorputzaren baliabideak naturan dauden germenei aurre egiteko nahikoak direla diote. Batzuen eta bertzeen iritziak bildu ditugu.
Eztabaida ez da oraingoa, baina bai oraindik ere mahai gainean dagoena. Haurrei aste gutti batzuekin paratzen diete lehen txertoa eta aunitzentzat ezinbertzekoak dira txerto guztiak. Ez, ordea, denentzako. Guraso eta medikuntzako profesional ugarik zalantzan paratzen dute txertoak onerako diren ala ez. Amaia Goñi Doneztebeko Osasun Zentroko pediatrarentzat txertoak «onuragarriak» dira. Silvano Baztan sendagilea ez da iritzi berekoa. Bera ez da txertoen aldekoa.
«TXERTOEN ONURAK FROGATUAK DAUDE»
Apirilaz geroztik Doneztebeko Osasun Zentroko pediatra da Amaia Goñi Yarnoz, eta bere irudiko, txertoen onurak frogatuak daude. Dena den, «txertoak bai ala ez planteatzea oso baikorra» iruditzen zaio: «guraso bezala haurrei egiten zaizkien edo haurrekin egiten diren gauza asko egin behar direlako egiten dira batzuetan. Gurasoek partehartze aktiboagoa izan behar dugu umeen bizitzan eragina duten gauzetan». Berak, ordea, pediatra den aldetik, txertoak gomendatzen ditu, nahiz eta onartu «ez direla perfektuak, ez daukatela %100eko eraginkortasunik eta bigarren mailako efektuak badituztela». Txertoen ondorioen artean hauek aipatu dizkigu: «gehienetan sukarra, gaizki egotea eta txertoaren ingurua haunditzea dira. Guttitan agertzen diren bertze efektuak ere badituzte, erreakzio anafilaktikoak, adibidez». Baina, gaineratu digunez, «ez jartzeak ere ondorioak dauzka: infekzio eta gaixotasunen aurka babesik ez edukitzea».
Txertoak «gaixotasunik ez edukitzeko gorputzean sartzen diren substantziak» direla dio Goñik, «gorputzak gaixotasun horren aurka defentsak sor ditzan. Defentsa horiek edukita gaixotasuna sortzen duen germenarekin kontaktuan egonez gero, aurre egiten die, gaixotasun hori hartzeko aukerak guttitzen ditu».
Txerto kanpainaren gibelean bertzelako interesik ote dagoen galdetuta, botere mundua ez duela hainbertzerako ezagutzen kontatu digu, «laborategiek interesak dituzte, baina guri ere komeni zaigu txertoak edukitzea».
Txerto aunitz «onuragarriak» iruditzen zaizkio: «bizi baldintzak asko aldatu dira gure inguruan, ez da hala munduko toki guztietan. Munduan zehar biztanleriaren mugikortasuna ere aunitz aldatu da eta txertatzen ditugun gaixotasunak munduan ez dira desagertu. Horrek gaixotasun horiekin kontaktuan egon gaitezkeela erran nahi du». Tetanosarena jarri du adibidetzat: «bizi baldintzen aldaketak eta biztanleriaren gehiengoa txertatua egoteak ez gaitu gaixotasunetik babesten. Inmunitatea banakakoa da. Horregatik txertoak ez jartzea erabakitzen duten gurasoei guttienez tetanos txertoa jartzeko gomendatzen diet».
Txertoak ez jartzeko guraso batzuen erabakia «errespetatzen» du Goñik, «ni ez naiz inor erabaki hori juzgatzeko». Kontsultara doazen gurasoei bere esku dagoen informazio guztia eskaintzen omen die, eta Carlos Gonzalez pediatraren En defensa de las vacunas liburua aholkatu. Hortik aitzinerakoak guraso bakoitzaren esku uzten ditu: «txertoen onura-arrisku horretan balantza zein aldera makurtzen den guraso bakoitzak erabaki behar du». Hori bai, ongi informatzearen garrantzia azpimarratu du, «erabakiarekin kontsekuente izan behar dugu, ondorioak kontuan hartuz eta onartuz».
SEME-ALABAK «EZGAUZA BIHURTUKO DITUGU»
«Seme-alaben inguruan mugitzen den guztia txertatzeko kultura dugu eta hori izugarrizko atzerapena da». Halaxe adierazi digu Silvano Baztan Guindo sendagileak. Medikuntzan Doktorea da, ez da botiken aldekoa eta kontsultak hartzeaz gain, osasunaren garrantziari buruz hitzaldiak ematen ditu. Ekainaren 14an Arantzan izanen da txertoez solasteko.
Bere irudiko, txertoen bitartez seme-alabak «edozein gauzari aurre egin edo edozein gauzatik babesteko ezgauza diren izaki bihurtuko ditugu. Zentzugabea da». Eta argi du: «txertoen politika gure ondorengoen etorkizuna osasuntsua izateaz kezkatu beharrean, farmazia industriaren negozio oparoaz kezkatzen da». Eta txertoen kanpainak «familiei beldurra sartzeko eta gurasoen aukeratzeko askatasuna kikiltzeko direla» uste du.
Mediku batzuendako zientziak ezin hobeki frogatu ditu txertoen onurak eta txertoekin gaixotasun aunitz gainditu direla diote. Iruindarrarentzat, ordea, halako ideiak «txertoen kanpainari propaganda egiteko oinarri» dira, eta «faltsukeriak». «Nire erakusketetan errealitate historikoa estatistika moduan ikus daiteke eta horrekin ezin dut ziurtatu Medikuntzak hain irmo baieztatzen duena».
Baztanen arabera, haurrek berez dituzten baliabideak nahikoak dira gaixotasunen aitzinean. «Inmunitatea gure organismoaren tresna automatikoa da eta mugitzen garen ingurunearen arabera, barne oreka mantentzen laguntzen digu». Eta txertorik gabe inmunitatea nola indartu? Erantzuna «sinplea» omen da: «ongi biziz, ahalik eta hobekien funtzionatuko dugun moduan, norbere buruarekin autentikoak izanez, gure gorputzeko baliabideak ahalik eta hobekien erabiliz, gure burua ongi ezagutuz, ongi elikatuz, aire purua arnastuz, gure gorputzak pixka bat gehiago mugituz, harremana dugun pertsonak aukeratu eta maitatuz, atsegin ditugun lanak eginez, aisialdirako denbora hartuz (bakarrik eta taldean)... Horixe da ez gaixotzeko modurik onena».
Behin gaixotutakoan, pertsonak sentitzen dituen sintomak eta bizitu dituen arazoak orekatzea beharrezkoa ikusten du: «gaixotasunak sendatzeko biderik egokiena nor-bere burua ezagutzea eta kontziente bizitzea dira, norbere errealitatearekin jakitun izanda, desberdin eta libre izatera ausartuz eta horrela gozatuz...».
Txertoen errealitatearen inguruan «ezjakintasun haundia» dagoela uste du eta hortaz, txertoak paratu ala ez zalantzan dauden gurasoei «ongi informatzeko» aholkatzen die, «iturri ofizialetik bakarrik datorrenarekin ez gelditzeko», eta «kontzienteki eta ardurarekin har dezatela erabakia, aukera dozein dela ere».
Gaur egun, egunerokoa medikalizatua dagoela ere azpimarratu du Baztanek: «ingurura begiratzen badugu, %100ean naturalak diren prozesuetan mediku edo mediku-farmaziaren elkarreragina bertzerik ez dugu ikusten». Adibide gisa, erditzeak eta edozein oinaze, min edo katarrorekin jendeak dituen erreakzioak aipatu dizkigu.
Botiken erabileraz ez garela ohartzen iruditzen zaio: «edozein gauzagatik eta kontrako ondorioei eta botika bat baino gehiago hartzeak dituen interakzio fisiko-kimikoiei kasurik egin gabe edo oinazea ttikitzeak hori sortu duen arazoa ez duela konpontzen ohartu gabe, botiken erabilera partikularrera hezi da gizartea. Horrek ondorio kaltegarriak ditu, eta horietako batzuen susmoa baldin badago ere, larriagoak diren bertze batzuk urteekin ikusiko dira».
GUZTIA MEDIKALIZATUA
«Seme-alaben inguruan mugitzen den guztia txertatzen dugu eta hori izugarrizko atzerapena da»
Silvano BAZTAN GUINDO (Sendagile iruindarra, Medikuntzan Doktorea)
TXERTOEN ONURA
«Txertoak ez jartzeak ere ondorioak dauzka: infekzio eta gaixotasunen aurka babesik ez izatea»
Amaia GOÑI YARNOZ (Doneztebeko Osasun Zentroko pediatra)
ZER DIOTE GURASOEK TXERTOEN INGURUAN?
Amaia GOIA ERRANDONEA | BERA
«Txertoen gibelean negozio haundi bat dago eta Administrazioak txertoak paratzeko aholkatzeak ez dit bermatzen gure gorputzak behar dituenik. Txertoek dituzten ondorioak ikusteak zalantza sortzen dit gorputzerako onak ote diren. Nire ustez, gorputza gai da bizi osasungarria eramanez gero, gaixotasunei aurre egiteko»