Bi herri kirol txapelketa jokatu dira ekainaren 7an Luzaiden. Alde batetik, Nafarroako lehen mailako aizkora txapelketako jautsiera kanporaketa jokatu dute Beintza-Labaiengo Xabier Mindegiak eta Berako Oihan Larretxeak. Berakoa nagusitu eta bertze urte betez segituko du lehen mailan. Bertzetik, Nafarroako koxkor biltze txapelketa irabazi du hamaseigarren urtez Fernando Etxegarai beratarrak.
Aizkora jautsiera kanporaketari dagokionez, 2013ko urriaren 6an Nafarroako lehen Mailako Aizkora Txapelketaren kanporaketa jokatu zen. Printzipioz, kanporaketan sailkaturiko azken bi aizkolariak maila galtzen zuten, baina Xabier Mindegiak ezin izan zuenez aipaturiko kanporaketan parte hartu (min hartuta zegoen), azken aurreko sailkatuak (Oihan Larretxea) jaitsiera kanporaketa bat eskatzeko aukera zuen, eta halaxe egin du. Bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat moztea izan zuten lana eta Oihan Larretxeak 17 minutu eta 31 segundo behar izan zituen eta Xabier Mindegiak 19 minutu eta 11 segundo. Beraz, Larretxeak lehen mailan segituko du eta Mindegia bigarrenera jautsi da.
Koxkor biltze txapelketari dagokionez, Berako Fernando Etxegarai suertatu zen txapeldun, 6 minutu, 28 segundo eta 57 zentesimatan bildu zituen 50 koxkorrak. Bigarren, Berako Joseba Larralde izan zen (7:02.32) bere lehen partehartzean eta hirugarren Berriozarko Oier Etxeberria (7:35.76). Lehen bi sailkatuek, Etxegarai eta Larraldek, Euskal Herriko txapelketan aritzeko txartela lortu dute.
Fernando Etxegaraik hamaseigarren urtez jantzi du Nafarroako txapela. 1994. urtean hartu zuen parte lehen aldiz eta orduan bigarren gelditu zen. 1995. urtean irababazi zuen lehen txapela. Gainontzekoak, 1999, 2000, 2001, 2002, 2003, 2004, 2005, 2006, 2008, 2009, 2010, 2011, 2012, 2013 eta 2014an.
1996, 1997, 1998 eta 2007. urteetan ez zuen parte hartu, beraz, erran daiteke 1995. urteaz geroztik, aritu den guztietan irabazi duela.