Luzaideko pilotalekuan bi herri kirol txapelketa jokatuko dira ekainaren 7an, larunbat arratsaldeko 6etan hasita. Alde batetik, Nafarroako lehen mailako aizkora txapelketako jautsiera kanporaketa jokatuko dute Beintza-Labaiengo Xabier Mindegiak eta Berako Oihan Larretxeak. Bertzetik, Nafarroako koxkor biltze txapelketa erabakiko da.
Aizkora jautsiera kanporaketari dagokionez, 2013ko urriaren 6an Nafarroako lehen Mailako Aizkora Txapelketaren kanporaketa jokatu zen. Printzipioz, kanporaketan sailkaturiko azken bi aizkolariak maila galtzen zuten, baina Xabier Mindegiak ezin izan zuenez aipaturiko kanporaketan parte hartu (min hartuta zegoen), azken aurreko sailkatuak (Oihan Larretxea) jaitsiera kanporaketa bat eskatzeko aukera zuen, eta halaxe egin zuen.
Beraz, bi aizkolari hauen arteko Jaitsiera kanporaketa jokatuko da Luzaiden. Bertan erabakiko da zeinek mantentzen duen maila eta zein jaisten den bigarrenera. Bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat moztea izanen da egin beharko duten lana.
Nafarroako koxkor biltze txapelketari dagokionez, Joseba Larralde (Bera), Fernando Etxegarai (Bera), Eder Goldarazena (Berriozar) eta Oier Etxeberria (Berriozar) izanen dira partehartzaileak. Egin beharreko lana: 1,25 metrotara jarritako 50 lokotx bildu (bi lerrotan jarriak).