Ohiturari jarraikiz, maiatzaren bigarren igandean “31, mintza” mus joko ezagunaren lelopean ospatu zen hogoita hamekagarren Herri Urrats, Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko besta aintziran. Aurten ere sostengu zabala izan zuten euskaltzaleek nahiz eta begi bistakoa den gero eta jende gutiago etortzen dela bestarat. Zaila da erratea xuxen zonbat lagun biltzen den baina ikastoletakoek diote orotarat egun osoan 1.200 lagun ari direla lanean, aparkalekuetan, ostatuetan, talo egiten edo jantziak saltzen.
Herritarren ondoan, aurten ere kolore guzietako hautetsiak bildu ziren sostengua erakusteko Seaskari eta euskarazko irakaskuntzari, hauean artean Senpereko auzapez berria Pierre Marie Nousbaum eskuindarra. Zonbat hitz euskaraz erran eta, auzapezak argitu zuen ikastolak laguntzen segituko duela herriko etxe berriak. Hautetsi guzien gogoan izan zen berriki Frantziako gobernu ordezkariak plazaratu duen zirkularra ikastolen egoitzei buruz. Txostenak dio erakunde publikoek ezin dietela eraikin publikorik utzi eskola pribatuei. Ikasgelak alokatzea merkatuaren prezioan edo lurrak alokatzea prefabrikatuak emateko gainean dira lerro nagusiak. Seaska kexu da geroa iluna eta zalantzaz betea ikusten baitu. Colette Capdevielle Baionaldeko diputatu sozialistak azpi marratu zuen zirkularrak ez duela neholako indar juridikorik. Telefono dei baten balioarekin konparatu zuen eta jakinarazi hizkuntza gutituen gogoeta eguna eginen duela ekainaren 3an Parisen Asanblea Nazionalean legea prestatzen ari baita gai hortaz.
Iparraldeko ikastolek laguntza izan zuten hegoaldetik ere. Badira hiru urte Eusko Jaurlaritzak ez diola laguntza zuzenik ematen Seaskari baina bai zeharka. Izan ere urte guziz Gasteizek 400.000 euroko laguntza ematen dio Euskararen Erakunde Publikoari euskara sustatzeko Iparraldean eta horren zati bat Seaskak eskuratzen duela azpi marratu zuten Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura sailburuak eta Patxi Baztarrika hizkuntza politikarako sailburu ordeak. Bere aldetik Gipuzkoako Foru Aldundiak 600.000 euro ematen dizkio Seaskari 3 urtez, hau da urte guziz 200.000 euro. Laguntza guziak ongi etorriak dira egoera larria baita euskararentzat Iparraldean. Euskara dakiten gehienak adinekoak dira eta hiltzen ari dira, transmisioa hautsi da eta ikastolek ez dute aski hiztun berririk formatzen. Gaurko egunean, 2 eta 18 urte arteko 3.200 ikasle dabiltza 31 ikastoletan, murgiltze eredua eskaintzen duten eskola bakarretan. Aurtengo Herri Urratsen bildu den diruarekin lehen ikastegi profesionala eraikiko dute Miarritzen. Aipagarria da besta haundiaren biharamunean berean aintzirak betiko itxura berreskuratu zuela euskaltzaleek bazterrak aski ongi garbitu baizituzten usaian bezala eta heldu den urtera arte erranez…