Azken urteetako ohiturari eutsiz, Laxoa Eguna ospatu dute Oizen. Maiatzaren 25ean laxoaren erakusketa, argazki erakusketa, artisauak, musika eta pintxo dastaketa izan zen plazan. Jose Joakin Zigandari omenaldia eskaini zitzaion eta Baztan-Errekako 35. Laxoa txapelketaren zortzigarren jardunaldiari zegokion partida jokatu zuten Oizek eta Arraioz Ak. Ondotik bazkaria izanen dute.
JOSE JOAKIN ZIGANDA
Jose Joakin Ziganda Ilarregi laxoako historikoetako bat da. 1942ko apirilaren 29an jaio zen Oizko Gartzinea etxean eta gaur egun Irunen bizi baldin bada ere, asteburuero etortzen da sortetxera. Jokalari moduan, Baztan-Bidasoako Laxoa txapelketan azpitxapeldun izan zen 1961ean eta txapeldun 1962an. Berrikiago, Baztan-Errekako laxoa txapelketan txapeldun izan zen 1983, 1984, 1988 era 1990ean eta azpitxapeldun 1981, 1982, 1986 eta 1992an. Baztan-Errekako kopa torneoan ere txapeldun izan zen 1994an eta azpitxapeldun 1992an. Hondarribiako laxoa taldean entrenatzaile lanetan ere aritu da. Izan ere, odolean daramate laxoa Zigandatarrek, Joxe Joakinen aita, anaia eta semea ere laxoan aritu baitira.
Erremontelari profesionala ere izan zen eta bere ogibidea ere horrekin loturik egon da, erremonteko xistera egilea izan baita. 2000. urtean Gipuzkoako Bazkundeak saria eman zion bere artisau lanarengatik eta 2005ean Pilotarien Batzarra elkarteak omendu zuen Elizondon.