Orain dela aste pare bat, hizketa bat izandu zuten Xaloako Xabi Torresek eta Martin Urrutia Grajirenak, aspaldiko urteetan egin duen lanaren buruz, eta Interneten dago, ikusteko modua duenarentzat.
Herriko familien zuhaitza osatua izan behar du, batez ere elizako agiri zaharretan begiratuta. Bere familiako abizenetik hasi zen tiraka, eta 1683. urtera ailegatu zen. Orduantxe jaio zen Joanes Urrutia Koskorrenean, eta egundaino eutsi omen diote etxe berean deitura horri. Haren asmoa izandu omen da familien deiturak purgatzea, forma ematea eta hornitzea, eta horretatik, Badasal deitzen dion lana atera du. Pixkan-pixkan, zuhaitz horiek hornitu nahi lituzke, idazki zaharretatik atera daitekeen datuekin. Adibidez, XIX. mende bukaeran herriko jendeak zer bizimodu edo zer ofizio ote zuen aztertua du, eta errepikatzeko moduko datua aterea: jendeen erdiak landatik bizi ziren, nekazari puruak ziren, eta beste erdiak ofizio askotakoak: kisuskileak, harginak, zurginak... Iruleak franko izandu omen dira herri honetan. Orduan, harrigarria da 380 bat pertsonatik nola erdiak beste ofizio batetik bizi ziren.
Beste datu bat: eliza 1909an egina da. Zazpi anaiak egin omen zuten, denak harginak, denak saldistarrak. Oraindik haiek egindako lan asko ikusi omen daiteke bazterretan, nola zubiak, nola ermitak eta nola baselizak. Horrelako datuak ikasteko, ez dira aski elizako agiriak, udaletakoak ere aztertu behar omen dira, baita etxeetako artxiboak ere. Jendea animatzen du Martinek herriko historia aztertzera. Ez du libururik ateratzeko pretentsiorik, baina bai nahi luke jendeak aprobetxatzea hark egin duena, horren gainean azterketak egiteko, aberasgarria delako.
Torresek galdetu zion ea noiz arte jo daitekeen atzera, eta hark erantzun ezagutzen duen libururik zaharrena Labaingoa dela, 1559koa. Saldiasen, berriz, 1604koa omen da zaharrena. Liburu hark hasiera galdua izan behar du, baina datuak ikertu ditu, eta haietatik atera du liburu horren lehenbiziko orriak 1565 ingurukoak izanen zirela, alegia Labainan hasi eta berahalaxe hasi izanen zirela jaiotzak erregistratzen Saldiasen ere. Herriko etxeko agiriak, berriz, puskaz geroago hasiak dira, eta, horretaz, murritzagoak dira.
Zubietako Fermin tanborreroari aditua dion gauza bat ere aipatzen du Martinek: gauza penagarria ikusi zuela Ferminek gazte denboran Zubietako plazan, kamioi bat bete paper erre zituztela Zubietako Udalekoek. Horrekin esan nahi du udaletan ere gauzak falta daitezkeela eta gaur egun agiri zahar horiek noizbait hondatu ere eginen direla, eta hor dagoen informazioa gorde nahi baldin bada idazki horien kopiak egin beharko direla.
PEDRO MITXEO ITSASGIZONA
Pedro Mitxeo itsasgizon ospetsua izan zen. Txurrukarekin itsasontzian ibilia, Espainiako hondarreko koloniak defendatu omen zituen Ameriketan, frantsesen kontra. Isabel II.aren senataria ere izandu zen. Informazio asko izan behar du agirietan, eta Martinek zati txiki bat du aztertua.
ARRETXEKO EMAKUME BATEN KASUA
Arretxeko emakume baten kasua ere aipatzen du. Orain ehun bat urteko jendeek ez zuten ulertzen nola joan zen Argentinara ama bat, hemen 3 eta 6 urteko bi ume utzita, eta, paper zaharretan begiratuta, Martinek atera du alargun gelditu zela, eta saldiastar asko zen toki batera joan zela Buenos Aires ingurura, desesperatua.
JANMODUA
Garaian-garaian jateko zer zuten ere ikus daiteke. Esate batera, lehen, garia, garagarra eta horrelako pikorrak izaten ziren, baita gaztaina ere. Gaztaina asko. Urte erdia gaztaina janez bizitzen omen ziren, urriroan hasi eta maiatz arte. Gero, Ameriketatik patata ekarri zuten, eta horrek bizia asko aberastu omen zuen. Geroxeago, berriz, artoa etorri zen, Ameriketatik hura ere, eta Saldiasen artoa ereiten noiztsu hasi ziren ere atera omen daiteke.