Malerrekako Mankomunitatean dauden hamahiru udalerrietako herritarrak Donezteben bildu ziren larunbatean, hirugarren aldiz egin den Malerrekako Egunaren baitan. Lehen bi edizioetan Zubietan eta Eratsunen izandako arrakasta errepikatuz, ehunka lagun bildu ziren egun osoan egin ziren ekitaldietan parte hartzeko.
Goizean Bear Zanan eta Santa Luzia Plazan egin beharreko ekitaldi gehienak kiroldegira egin zituzten, euriaren beldur. Aurreskuaren ondotik, Doneztebeko Udalak herriko hamasei kultur eta kirol elkarteri omenldia eskaini zien. Hain zuzen, Erreka Kirol Elkartea (Joseba Legarra), Laxoa Elkartea (Patxiku Ganboa), Doneztebe Futbol Taldea (Jaime Sein), Mendi Abesbatza (Ainara Mendia), Ezpelura emakume taldea (Marisol Arraztoa), Txistulariak eta musika taldea (Jone Aldabe), Biherri ehiztari elkartea (Eduardo Oiartzabal), Mendaur Guraso Elkartea (Lourdes Goñi), Erreka Guraso Elkartea (Cristina Etxeberria), Askin Guraso Elkartea (Maria Jose Ezkurra) eta Agorreta Musika Eskola (Marta), Doneztebarrak merkatari elkartea (Natalia Rekarte), Dantzari Ttikiak (Oihana San Migel), Gazte Burrunba (Josu Telletxea), Arkupeak eta Erraldoi konpartsa (Juan Ramon Ostiz) izan ziren omenduak. Musika Eskolako musikariak eta buruhandiak ibili ziren herrian barna eta Malerrekako herri ezberdinetako dantzariek eta Mendi Abesbatzak ere beraien emanaldia eskaini zituzten.
Aldi berean, artisauak eta talogileak beraien produktuak erakutsi eta saldu zituzten eliz atarian eta Santa Luzia plazan betiko ofizioen erakustaldia egin zuten. Leku berean paratutako karpan egin zen paella jatea, Malerreka Kantuz-en parte hartzen duten abeslariek lagunduta.
Arratsaldean, muxikoak izan ziren Santa Luzia plazan, Musika Eskolako musikariek lagunduta eta Malerrekako Mus Txapelketaren finala jokatu zen. Elgorriagako Endika Larralde eta Xabi Olazar suertatu ziren txapeldun, finalean Oizko Jexux Mari eta Leireri irabazita. Ttikienek berendua izan zuten eta aizkora apustua ere jokatu zen Bearzanan. Txapelketako laxoa partida ere jokatu zen Bearzanan eta Oizek 2-9 irabazi zion Doneztebe Dri. Pilotaren inguruko erakusketa ere izan zen Kasino elkartean.
Ondoren zozketa egin zen. Bi saskietako bat Iturengo Mila Erregerenari suertatu zitzaion eta bigarrenaren jabea (0832 zenbakia duena) ez da oraindik agertu hau idazterakoan. Bi lagunendako afaria, berriz, Doneztebeko Juan Telletxeari egokitu zaio. Mus txapelketako sariak banatu ondotik, hurrengo urteko Malerrekako Eguna antolatzeko lekukoa pasatu zioten Doneztebeko udal ordezkariek Elgorriagakoei.
Malerreka leihotik begira
“Malerreka leihotik begira” lehiaketaren sari banaketa ere egin zen. Argazki eta literatur lehiaketa honetan Malerrekako eskoletako neska-mutikoek hartu dute parte eta arrakasta handia izan du, 156 lan aurkeztu baitira. Lehen Hezkuntzako 3 eta 4. Mailan, lehen saria Doneztebeko Nahia Ganboa Anzizarrek eskuratu du “Galbaraialde” lanarekin eta bigarrena Saldiasko Ugaitz Otxandorena Artzek, “Saldiasko labadero bakarra” lanarekin. LHko 5 eta 6. Mailan, Doneztebeko Aritz Zulaika Irigoienek lortu du lehen saria “Nire txokorik kuttunena” lanarekin eta bigarrena Sunbillako Jon Mikel Gaztelumendi Jorajuriak, “Baratxurin punttua” lanarekin. DBHn, azkenik, Mendaur institutuko Itziar Agirrek eta Idoia Gardek lortu dute lehen eta bigarren saria.
Joaldunekin, Santamaria jatetxean egindako afariarekin eta Oharkabe taldearen musikarekin akitu zen Malerrekako Egunaren hirugarren edizio hau.