Amaiur A nagusitu da gizonezkoen 300 kiloko lauko sokatira txapelketan ere

TTIPI-TTAPA 2014ko eka. 2a, 18:07

Nafarroako txapelketan parte hartu duen Amaiurko talde osoa. Gizasemetan bi talde atera ditu eta emakumezkoetan bakarra. Aitor Arotzena

Lesakan maiatzaren 31n jokatutako final gogorrean nagusitu zitzaion etxeko Beti Gazte B taldeari

Maiatzaren 31n jokatu zen Lesakan Nafarroako lauko sokatira txapelketako laugarren eta azken jardunaldia. Gizonezkoen 300 kiloko final gogorrean, Amaiur A nagusitu zitzaion etxeko Beti Gazte B taldeari. Emakumezkoetan Basaburua-Imotz izan zen jaun eta jabe eta kadetetan Ultzama. Ikusi argazkiak

Maiatzaren 31n jokatu zen Lesakan Nafarroako lauko sokatira txapelketako laugarren eta azken jardunaldia. Gizonezkoen 300 kiloko final gogorrean, Amaiur A nagusitu zitzaion etxeko Beti Gazte B taldeari. Emakumezkoetan Basaburua-Imotz izan zen jaun eta jabe eta kadetetan Ultzama. Ikusi argazkiak

Gizasemeen kategorian ari diren zortzi taldeak bi multzotan banatu ziren, lehen jardunaldian bezala. Lehenbiziko multzoan Amaiur A nagusitu zen, Berriozar bigarren, Beti Gazte A hirugarren eta Txantrea laugarren. Bigarren multzoan Beti Gazte B izan zen indartsuena, Basaburua-Imotz, Amaiur B eta Kaskalluetaren aitzinetik.

Ondotik, postuaren araberako kanporaketak jokatu zituzten: multzo bakoitzeko lehenbizikoa bertzearen bigarrenaren kontra eta hirugarrenak laugarrenen kontra. Horren arabera, zazpigarren eta zortzigarren posturako lehia Amaiur Bk eta Kaskalluetak jokatu zuten eta hauek nagusitu ziren. Bosgarren eta seigarren posturako lehian Beti Gazte Ak irabazi zion Txantreari. Hirugarren postua lortzeko eta, beraz, podiumean sartzeko lehia Berriozarrek irabazi zion Basaburua-Imotzi.. Eta final handian, Amaiur Ak lana gogotik egin behar izan zuen Beti Gazte B menperatzeko. Bi tiraldi ikusgarriak izan ziren. Lehenbizikoa, 5 minututik goitikoa, Amaiurrek irabazi zuen, Beti Gazteri hiru falta adierazita (Amaiurrek bi bazituen ordurako). Bigarrenean ere 3 minutu baino gehiago aritu ziren sokan eta azkenean, berriz ere baztandarrak gailendu zitzaien lesakarrei.

Emakumezkoetan, Basaburua-Imotz izan zen garaile, Berriozar, Txantrea eta Amaiurren aitzinetik.

Kadeteen kategorian, aitzineko saioetan bezala, Ultzama izan zen onena, Andra Mari, Berriozar eta Putterriren aitzinetik.

Sari banaketan, Xabier Urrutia Nafarroako Herri Kirol Federazioko presidentea eta Jose Luis Sunsundegi Beti Gazteko presidentea aritu ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun