Malerrekako Egunaren hirugarren edizioa eginen da Donezteben

TTIPI-TTAPA 2014ko maiatzaren 29a

Urtero bezala, musikak garrantzia izanen du Malerrekako Egunean. Artxiboko argazkiak.

Omenaldia eskainiko zaie herriko 16 kultur eta kirol talderi

Malerrekako Mankomunitatean dauden hamahiru udalerrietako herritarrak Donezteben bilduko dira aurten, hirugarren aldiz eginen den Malerrekako Egunaren baitan. Lehen bi edizioetan Zubietan eta Eratsunen izandako ­arrakasta errepikatzeko asmoz, egun osoko besta antolatu dute maiatzaren 31rako.
 
Goizean, 10:00etan, harrera ekitaldia eginen da Bearzana plazan eta herrietako ordezkariek egunari hasiera emanen diote. Doneztebeko Udalak herriko 16 kultur eta kirol elkarteri eskainiko dien omenaldiaren ondotik aurreskua dantzatuko dute eta gosaria eskainiko zaie he­rrietako ordezkariei. Musika Eskolako musikariak ibiliko dira herrian barna. 
 
Aldi berean, 10:30e­tik 14:00etara, artisauak eta talogileak izanen dira eliz atarian. 10:30­etik 12:30era dantzariak ariko dira Bearzana plazan, Mendi Abesba­tzak ere bere emanaldia eskainiko du eta buruhandiak ibiliko dira herrian. 12:30etik 14:00­etara betiko ofizioen erakustaldia eginen da Santa Luzia plazan eta 14:00etan paella jatea eginen da eliz atarian, Malerreka Kantuz-en parte hartzen duten abes­lariek lagunduta. 
Arratsaldean, berriz, 16:00etatik 17:00etara muxikoak izanen dira Santa Luzia plazan Musika Eskolako musikariek lagunduta eta ordu berean hasi eta 18:00 arte Malerrekako Mus Txapelketaren finala ejokatuko da. 17:00etatik 18:00etara berendua (txokolatada) izanen da umeentzat Santa Luzia plazan, buruhandiak kalejiran, Musika Eskolako musikariak herrian barna eta aizkora apustua Bearzanako frontoian. 18:30etik 19:30era laxoa partida jokatuko da Bearzana plazan eta pilotaren inguruko erakusketa Kasino elkartean.
 
20:00etan zozketa egin eta mus txapelketako sariak banatuko dituzte Santa Luzia plazan eta hurrengo urteko Malerrekako Eguna antolatzeko lekukoa ere orduan pasatuko diote Doneztebeko udal ordezkariek Elgorriagakoei. “Malerreka leihotik begira” lehiaketaren sari banaketa ere eginen da. Argazki eta literatur lehiaketa honetan Malerrekako eskoletako neska-mutikoek hartu dute parte eta arra­kasta handia izan du.
 
21:00etan joaldunak atera eta 21:30ean afaria eskainiko da Santamaria jatetxean. Gauerditik ai­tzinera musika izanen da Santa Luzia plazan Oharkabe taldearekin.
 
16 OMENDUAK
Erreka KE, Laxoa Elk., Doneztebe FT, Mendi Abesbatza, Ezpelura, Txistulariak, Biherri, Guraso Elkarteak (Mendaur, Erreka, Askin eta Agorreta), Doneztebarrak, Dantzari Ttikiak, Gazte Burrunba, Arkupeak eta Erraldoi konpartsa
 
AUTOBUS ZERBITZUA
Herri afarirako txartelak Malerrekako Mankomunitatean eskura daitezke, edo 948 451746ra deituta. Egun guztian autobus zerbi­tzua antolatu dute Malerrekako he­rri guztiak Donezteberekin lotuz.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun