Giro ederra izan zen Asteburu Kulturalean

Maider PETRIRENA 2014ko maiatzaren 29a

Maider Petirena eta Izaskun Altzuri

Xibolako gazta izan zen onena aurkeztutako 10en artean

Asteburu Kulturala giro ederrean joan zen.
 
Maiatzaren 16an, Guraso Elkarteak antolatuta jokuak izan ziren plazan. Koxkorrenak 3 taldetan banatu eta herri kiroletan aritu ziren. Bitartean ttikienak aurpegiak pintatzen. Aulkiaren jokoan ere aritu ziren, baita koreografia batzuk dantzatzen ere. Eguraldi ederra lagun arratsalde ezin hobea pasatu zuten, tartean txokolatea hartuz. Ondoren Ulibel­tzak elkartean solasaldia eta bideo emanaldia izan zen Mikel Astiazarenen eskutik. Euskal herrian barna  bizikletaz ibili da eta irudi zoragarriekin osatutako bideoa eskaini zuen. Ondotik afaria izan zen Ulibeltzak Elkartean. Bustitzeko mus txapelketan 10 bikotek parte hartu zuten eta Julen eta Urko Ibarra suertatu ziren txapeldun. Biga­rrenak, berriz, Aimar Lastiri eta Iñigo Agesta.
 
Maiatzaren 17an oinez eta bizikletako ibilbideak egin ziren. Bizi­kletaz 15ek parte hartu zuten, oinez berriz 7k. Ander eta Unax Larraburu anaiek (4 eta 6 urtekoak), Markel Agesta lehengusuak (7 urte) eta Koldo Herrerak (10 urte) parte hartu zuten.  Eguerdian Ariztigain kanpinean gazteek bazkaria egin zuten musikaz alaiturik. Ondoren herrian barna poteoan ibili ziren. Egun osoan Jokulandia ere izan zen. 
 
Arratsaldean Male­rrekako egunerako finalerako kanporaketa jokatu zen Bustitz ostatuan. 11 bikotek parte hartu zuten eta Jose Luis-Jose Miguel eta Pattere-Koro bikoteek lortu zuten Donezteberako txartela. 
 
10 GAZTA ETA 28 POSTU
 
Maiatzaren 18an VI. artisau feria eta herriko gazta lehiaketa egin ziren. 28 postu izan ziren ikusgai frontoian. Jendetza ibili zen egun osoan. Goizean aurkeztutako 10 gaztak dastatu zituzten Rakel Urtxegi, Mañoli Agirre eta Arkaitz Vicentek. Atsaldean herriko haur dantzarien txanda izan zen plazan. Hain eguraldi onarekin jendea animatu zen ikustera eta egia errateko emanaldi oso polita eskaini zuten. 
 
Ondoren saldutako 1000 boletoen zarearen zozketa egiteko tenorea ailegatu zen baita gazta irabazlearen izena jakiteko tenorea ere. Zarearen irabazlea Miren Hernandorena herritarra izan zen. Gazta irabazlea, be­rriz, Xibolako Xanti Espelosinena, bigarrena Primenekobordako Justa Ibarra eta hirugarrena Migeleneko Josefina Jorajuria. Asteburua ezin hobeki atera da eta eguraldiak ere lagundu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun