Mila galdera airean eta hezkuntza erreforma atean

Eneritz IRAOLA 2014ko maiatzaren 29a

Zugarramurdiko ikasleak LOMCEren aurka egindako protestan.

«Nola edo hala, legea indarrean paratu nahia» salatu dute eskualdeko ikastetxeek

Aurkako erreakzioak karriketan, beharrezko kontsentsurik ez ­parlamentuan, baina indarrean da LOMCE legea. Datorren ikasturtean paratuko dute martxan Lehen Hez­kun­tzako 1., 3. eta 5. mailetan eta Lanbide Heziketan. Eskualdeko ­ikastetxe eta instutuen iritzia bildu du TTIPI-TTAPAk eta «informazio gabezia» salatu dute guztiek.

Zurrumurruak ugari eta azalpen argirik ez. Datorrenaren esperoan dira eskualdeko ikaste­txe eta institutuak. Hez­kuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoa du izen ofiziala, gehiengoak aldaketarekin hobekuntza handirik espero ez duen arren. Horregatik izanen da agian ezagunagoa LOMCE edo Wert legea bezala. Izena edo abizena dena delakoa izanda ez da gehiegirik aldatzen egoera: hezkuntza erreforma inda­rrean dago.

Giro nahasi honetan, Jose Iribas, Nafarroako hez­kun­tza kon­tseilariak aurkeztu ditu behin behineko dekretuak eta hez­kuntza erreforma «nafar erara» aplikatuko zela aurreratu zuen arren­, zirrikitu handirik ez du ­utzi legeak.

EDUKIEN KONTROLA

Gobernu zentralak finkatuko ditu enbor-ikasgaiak eta gutxienez eskola ordutegiaren %60 baino gehiago eskaini beharko zaie Madrilen adostutako edukiei. ­Horren ondorioz, ikaste­txeen «autonomia  gutxi­tuko da» diote eskualdeko ikastetxeetako ordezkariek. 

Edukietan aldaketa handia ekarriko du, Nafarroa ez baita erre­ferente nagusia izanen. Desagertu egin dira Nafarroako kultur adierazpideei lotutako edukiak eta Espainiako gertaera historiko eta per­tsonaiak ugaritu. Orain artean, hurbileko adibideak aintzat hartzen ziren eta aurrerantzean badirudi ez dela hala izanen.

Atzerriko bigarren hizkuntza bat eskaintzeko aukera aipatzen du hezkuntza erreformak, baina horretarako heziketa artistikoa, hau da musika edota plastikari eskaintzen zaizkion orduak erabiliko lirateke.  

 IKASKETA EREDUA

«Atzera pausoa da, adostasunik ez ­duena eta kalitatezko hezkuntza ereduaren aurka doana».

 

ZAZPIGARRENA

7

ERREFORMA

 ­egin dituzte hezkuntza arloan Frankismoa amaitu zenetik.

 AZTERKETAK

Ikasketa amaierako tituluak lortzeko, azterketa egin beharko dute DBHko 4. mailako eta  2. Batxilergoko ikasleek. Ikastetxeek orain artean zuten ahalmena galduko dute, azterketak eskolaz kanpoko erakunde batek antolatu eta zuzenduko dituelako. Hauek ez dira izanen ikasleek gainditu beharreko langa bakarrak, lehen hezkuntzako 3. eta 6.mailan ere kanpo ebaluazioen bitartez ebaluatuko dituzte ikasleak.

 EBALUAZIOEN ONDORIOAK

Ikasketa prozesuan horrek eragina izanen duela uste dute irakasleek «gaitasunak landu ordez, gure eguneroko jardueretan garrantzi gehiago emanen zaio azterketak gainditzeari,  azken finean emaitza ikusga­rriak lortzeari». Presioa ikasleengan eta baita ikastetxeengan ere, ikasleen emaitzak zerrenda publikoetan kaleratuko dituztelako. Ho­rrek ikastetxeen rankinga sor lezakeela ohartarazi dute. Ondorioz, «ikaste­txe batek hagitz proiektu sendo eta interesga­rria eduki dezake baina batez ere matematika eta hizkun­tzak neur­tzen dituen kanpo azterketa ho­rren emai­tzak onak ez badira, agian sailkapen ho­rretan beheko aldean agertuko da, ho­rrek ekar liezaiokeen pres­tigio galerarekin». Emai­tza horiek gainera eragin zuzena izan dezakete, matrikulazioetan, baita eskolak jasoko dituen diru-laguntza eta irakasleen lan baldintzetan ere. 

 IKASLEEN ZATIKETA

Lanbide Heziketan hasteko adina aurreratuko dute. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ai­tzinera egiterik ez duten ikasleek Oinarrizko Lanbide Heziketan eman ahalko dute izena, 15 urterekin. Horrekin, Batxi­lergoa edo Lanbide Heziketaren artean aukera­tzeko unea urtebete au­rreratuko da. 

HIZKUNTZA GUTXITUAK KALTETUTA

Euskara Heziketa Fisikoa eta Musikaren maila berera pasako da eta espezialitate izendapena jasoko du aurreran­tzean. Eskualdeko ikastetxe gehienak D eredukoak izanik, neurri honek ez dietela zuzenean eraginen espero dute, «dena den zer gertatzen den ikusi beharko dugu, euskara bultzatzeko pausorik ere ez» omen dute Hezkun­tza Kontseilarigandik espero.

EZEZKO BOROBILA

Eskualdeko ikastetxe eta institutuek ezezko borobila eman diote erreformari ­«atzera pausoa» delakoan. Ostiral beltzak, elkarretaratzeak, informazio bilerak... antolatu dituzte orain artean eta irailean «egoerari aurre egiteko zerbait» pentsatu beharko dutela erran digute. «Hez­kun­tza eredu egoki baten alde lanean» segi­tzea delako euren nahia, politikoen nahien arabera mugitzen diren txo­txongiloak izan gabe. 

 

LOMCEren ONDORIO NAGUSIAK:

• Kanpo ebaluazioak ugaritu.

Ikasle eta ikastetxeen arteko lehiakortasuna bultzatu.

Ikasle “on” eta “txarren” arteko ­banaketa.

Lanbide heziketan hasteko adina ­au­rreratu: 15 urtera.

• Euskara espezialitateko ikasgaia ­bihurtu.

 

EDUKIEN ALDAKETAK:

Edukien gaineko kontrol ­handia­goa Madrilek.

Erreferente nagusia ­Espainia ­izatea Nafarroa beharrean.

• Atzerriko bigarren hizkuntza bat eskaintzeko aukera. Orduak ­arlo ­artistikoari gutxituz.

Formakuntza akademikoa soilik landu, gaitasun guztiak ­landu ­beharrean.

 

ESKUALDEKO IKASTETXE ETA INSTITUTUEKIN SOLASEAN

Bortzirietako ikast. publikoak+Toki Ona 

«Alderdi politiko bakoitzak bere legea egin nahi du. Itun handi bat behar da hezkuntza politikoen menpe ez gelditzeko». 

Baztan ikastola 

«Hezkuntza zentralizatu nahi dute, gure lurralde eta ­kulturarekiko duen hurbiltasuna gutxie­tsiz».

Leitzako Erleta eskola

«Gauzak presaka doaz, informazio falta handia da. Lanean hasi ahala egin beharko diogu aurre datorrenari, ahal dugun eran».

Lekaroz-Elizondo Institutua

«Gaitasunak landu ordez, emai­tza ikusgarriak lortzea du xede. Lehiakortasuna bultzatzen du eta ez benetako ikas prozesua».

Urdazubi, Zugarramurdi eta Baztango eskolak

«Urteetan lortutako aurrerapen guztiak, 30 urtez gibeleratuko dira. Ikasle eta ikastetxeen ­bazterketa, mailakatzea... dakar»  

Malerrekako Herrietako Eskolak 

«Oztopoak ­jarriko zaizkie ­zailtasunak ­dituztenei. Gizarte ­konpetitibo bat eraikiko da ­konpetentea landu ordez».

Doneztebeko Mendaur Institutua

«Ikuspuntu enpresarial eta ­konpetitiboa asko indartuko da ­sormena eta iritzi kritikoa bul­tzatzen duten arloak murriztuz». 

Berako Labiaga ikastola 

«Lanbro moduko bat dago gaiaren inguruan, ez dago ezer ukigarria. Legea aplikatu nahi dute presaka eta gaizki egin arren».

Lesakako Tantirumairu ikastola

«Ziurgabetasun handia dago. Bertako hezkuntza eredu ­propioa diseinatu eta garatzea izanen litzateke egokiena».

 

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun