Nafarroako lauko sokatira txapelketako azken tiraldiak larunbatean eginen dira Lesakan

TTIPI-TTAPA 2014ko mai. 27a, 11:04

Beti Gazte B izan zen bere multzoko indartsuena Berriozarko saioan. Utzitako argazkia

Gizonezkoen 300 kiloko, emakumezkoen 245 kiloko eta kadete mailako txapelak erabakiko dira

Maiatzaren 24an, larunbatean jokatu zen Berriozarren Nafarroako lauko sokatira txapelketako hirugarren jardunaldia. Hain zuzen, gizonezkoen 300 kiloko eta emakumezkoen 245 kiloko lehen jardunaldia eta kadete mailako hirugarren jardunaldia jokatu ziren. Txapelketa hauek maiatzaren 31n Lesakan erabakiko dira, 18:00etatik aitzinera.

Maiatzaren 24an, larunbatean jokatu zen Berriozarren Nafarroako lauko sokatira txapelketako hirugarren jardunaldia. Hain zuzen, gizonezkoen 300 kiloko eta emakumezkoen 245 kiloko lehen jardunaldia eta kadete mailako hirugarren jardunaldia jokatu ziren. Txapelketa hauek maiatzaren 31n Lesakan erabakiko dira, 18:00etatik aitzinera.

Berriozarko saioari dagokionez, gizasemeen kategorian ari diren zortzi taldeak bi multzotan banatu ziren. Lehenbiziko multzoan Berriozar nagusitu zen, Amaiur A bigarren, Beti Gazte A hirugarren eta Txantrea laugarren. Bigarren multzoan Beti Gazte B izan zen indartsuena, Basaburua-Imotz, Amaiur B eta Kaskalluetaren aitzinetik.

Emakumezkoetan, Basaburua-Imotz izan zen garaile, Berriozar, Txantrea eta Amaiurren aitzinetik.

Kadeteen kategorian, aitzineko saioetan bezala, Ultzama izan zen onena, Andra Mari, Berriozar eta Putterriren aitzinetik.

Larunbatean Lesakan jokatuko den jardunaldiaren ondotik finalak jokatuko dituzte. Hain zuzen, gizonezkoetan, bi jardunaldietako puntuen arabera, multzo bakoitzeko lehenbizikoa bertze multzoko bigarrenaren kontra jokatuko du eta irabazleek finala. Galtzaileek hirugarren postua izanen dute jokoa. Multzo bateko hirugarrena bertzearen laugarrenaren kontra ere gurutzatuko da eta irabazleek bosgarren postua jokatuko dute eta galtzaileek zazpigarrena.

Emakume eta kadetetan, puntuen arabera bi lehenbizikoek jokatuko dute finala, txapela erabakitzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun