Maiatzaren 16an, ortziral arratsaldean, Nafarroako herriarteko pilota txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zuen Berako taldeak. Jardunaldi honetan Uharteren kontra jokatu zuten Uharten eta baja aunitzekin joan arren, bi garaipen lortu zituzten kategoria ttikienetan.
Beratarrak baja aunitzekin joan ziren Uhartera eta hori nabaritu zuten. Jon Olaizolaren partez Harri Maritorena aritu zen jubeniletan eta Iñigo Martinez eta Ander Errandonearen partez Andoni Lazkanotegi eta Mattin Garbisu joan ziren senior mailan. Lau ere jubenilak oraindik.
Lehendabiziko bi partidak oso gogorrak izan ziren. Alebinetan, Sese eta Telletxeak sufritzen jakin zuten. Partida hau edozeinek irabazten ahal zuen baina 16na berdindu ondotik, azken bi tantoak Berakoentzat izan ziren. Kadete mailan, Fagoaga eta Ordokik oso partido ona jokatu zuten. Galtzen hasi ziren baina partidaren erdialdean oso ongi jokatzen hasi ziren. Ordoki hagitz seguru aritu zen eta Fagoagak abiadura haundia emanez, partida irabaztea lortu zuten.
Hirugarren partidan, Mitxelena eta Maritorenak ezin izan zuten deus egin Larunbe eta kontra aurka. Hauek beraien indarra eta pilota exageratu bat erabiliz, 12 aldiz errebotean sartu zuten pilota.
Seniorretan, berriz ere Berako jubenilak aritu ziren, baina oraingoan bertzeen ordezkoak gainera. Nahiz eta markagailuak diferentzia handia erakutsi, beratarrek tantu gehiago merezi izan zituzten. Nabermentzekoa pilotariak izan zuten ausardia, hamar urteko aldea izan arren, beldurrik gabe aritu baitziren.
Emaitzak
Alebinak
Esain eta Jamar (Uharte), 16; Sese eta Telletxea (Bera), 18
Infantilak
Uriz eta Elizalde (Uharte), 13; Fagoaga eta Ordoki (Bera), 18
Jubenilak
Larunbe eta Sarasa (Uharte), 22; Mitxelena eta Maritorena (Bera), 4
Senior
Roldan eta Linzoain (Uharte), 22; Lazkanotegi eta Garbisu (Bera), 5