Condesa taldeko Zalain Transformados lantegiak egoera traketsean segitzen du. Alde batetik, negoziazioen inguruko informaziorik ez dute langileek eta bertzetik, lanerako behar duten lehengairik ez da ailegatzen lantegira. Horregatik, hilabete honetan burutzeko mobilizazio egutegia onartu dute.
Maiatzaren 21, 22 eta 23an, Lantegi Batzordeak eta ahal duten langileek elkarretaratzea eginen dute langegi sarreran, goizeko 8etatik 10etara. Maiatzaren 21ean, asteazken goizeko 9etan, hedabideei informazioa emanen zaie, afera zertan dagoen eta zein ekimen burutuko diren azaltzeko.
Gogoratu behar da maiatzaren 12an 24 orduko lan uztea eta Gasteizen manifestazioa egin zutela Zalaingo langileek.
Gasteizko manifestazioaren ondorik irakurri zuen agiriak zioenez, «egoera trakets hau lehenbailehen gainditu beharra dago». Izan ere, enpresak nahiko lan zama ba omen du era normalean lanean jarduteko eta langileen batzordearen erranetan, «badakigu Zalain hornitu beharreko lehengaia egina dagoela, hornitzaile lantegietan, baina arazo finantzieroengatik, Zuzendaritzak dioenez, gaia bertan geldirik daukate». Denbora gehiegi luzatzen ari da egoera honetan eta honela segituz, ondorio larriak izan daitezkeela uste du Lantegi Batzordeak. Horregatik, «gertatzen ari den informazio osoa eta zintzoa izan arte ez dugu onartuko Zuzendaritzak aurkeztu nahi dituen erdi bideko neurririk». Gainera, Administrazio publikoek esku hartzea eskatu dute, «operazio honetan iruzurrik eman ez dadin eta jarduera egonkortu dadin».
Condesa Taldeak honako enpresa hauek ditu: Condesa Fabril eta Condesa Inox Legution. Perfil en Frio Berrioplano-Iruñean. Zalain Transformados eta Mecanizados Zalain Lesakan. Mieres Tubos Asturiasen. Tumesa Sagunton eta beste 4 lantegi Europan (Frantzia, Belgika, Alemania eta Italian). Enpresa hautean 1700 langiletik goiti egiten dute lana.