Amaiurrek jantzi du Nafarroako lauko sokatira txapelketako lehen txapela

TTIPI-TTAPA 2014ko mai. 20a, 09:30

Amaiur A taldekoak, lehen jardunaldian. Xagu-Lesaka

Beti Gazteri nagusitu zitzaion Etxarri Aranatzen

Nafarroako lauko sokatira txapelketan, gizonezkoen 320 kiloko eta emakumezkoen 265 kiloko kategorietako bigarren eta azken jardunaldia jokatu zen maiatzaren 17an Etxarri Aranatzen. Amaiur A gizonezkoetan eta Basaburua-Imotz emakumezkoetan izan dira txapeldunak.

Nafarroako lauko sokatira txapelketan, gizonezkoen 320 kiloko eta emakumezkoen 265 kiloko kategorietako bigarren eta azken jardunaldia jokatu zen maiatzaren 17an Etxarri Aranatzen. Amaiur A gizonezkoetan eta Basaburua-Imotz emakumezkoetan izan dira txapeldunak.

Gizonezkoen txapelketa aski berdindua izan zen. Jautsaratsen jokatutako lehen jardunaldian Beti Gazte B nagusitu zen eta Amaiur A bigarren izan zen. Etxarri-Aranatzen, aldiz, bi talde hauek berdindu egin zuten beraien arteko tiraldietan eta bertze gainerako guziak irabazi. Amaiur B izan zen hirugarren, Txantrea laugarren, Beti Gazte A bosgarren eta Basaburua-Imotz eta Berriozarrek berdindu egin zuten, gainerako talde guzien kontra galduz eta beraien arteko bana irabaziz. Gauzak honela, bi jardunaldietako puntuak batuz Beti Gaztek 13,5 puntu eta Amaiur Ak 12,5 puntu zituzten. Lehen bi sailkatuen arteko finalean, ordea, Amaiur nagusitu zitzaion Lesakako taldeari kitarakoan eta txapela lortu zuen. Talde txapeldunean, Lander Landiribar, Iñaki Urrutia eta Joseba eta Julen Jauregi aritu ziren lehen jardunaldian eta bigarrenean, Juanma Irigoien sartu zen Joseba Jauregiren ordez.

Emakumezkoetan, lehen jardunaldian bezala, Basaburua-Imotz nagusitu zen, Txantrea, Berriozar eta Amaiur aitzinetik. Bi jardunaldietako puntuen baturan ere Basaburua-Imotz eta Txantrea izan ziren bi lehenbizikoak. Bien arteko finalean, berriz ere Basaburua-Imotz nagusitu zen.

Kadete mailako bigarren jardunaldian, Ultzama izan zen onena, Andra Mari, Berriozar eta Putterriren aitzinetik.

 

300 eta 245 kiloko txapelketak

320 eta 265 kiloko txapelak erabakita, orain gizasemeen 300 kilokoa eta emakumeen 245 kilokoa jokatuko da. Emakumezkoetan partaide berak izanen dira eta gizasemeetan bat gehiago, Kaskailueta. Lehenbiziko jardunaldia maiatzaren 24an izanen dute Berriozarren eta bigarrena maiatzaren 31n Lesakan. Kadeteek ere hirugarren eta laugarren jardunaldiak jokatuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun