Mendian ibiltzea maite dutenek aukera ederra izanen dute heldu diren igandeetan, Arantza eta Baztango Mendi Itzuliak eginen baitira hilaren 18an eta 25ean.
ARANTZAKO ITZULIA
Igande honetan, maiatzak 18, eginen den Arantzako Mendi Itzulia berrikuntza bat baino gehiagorekin dator. Alde batetik, itzulia alderantzizko noranzkoan eginen da. Herriko plazatik Bulatxikira igo beharko da, handik Zepurura, eta Mairubaratzatik pasatakoan Illurdira. Mendaur igotzea aukerakoa izanen da. Ekaitza izanen da hurrengo tontorra, eta handik Bazterlara hartu beharko dute mendizaleek. Hori da aurtengo itzuliaren bertze nobedadea. Bazterlatik Oilargatara jeitsiko dira, eta handik Izura joanen dira. Unanura ailegatutakoan Aranibarrera jeitsiko dira eta Olan barrena herrira bueltatuko dira berriz.
Mendaur igotzen dutenek 27,8 kilometroko ibilbidea eginen dute eta igotzen ez dutenek, berriz, 25,2koa.
Izena emateko bi aukera daude: egun berean 06:30etik aitzinera edo www.menditzulia.com atarian maiatzaren 16ra arte. Itzulia 07:00etan hasiko da.
BAZTANGO ITZULIA
Erratzun hasi eta akituko da Baztango XXI. Mendi Itzulia. Maiatzaren 25ean egin dute hitzordua eta mendizaleek 2.600 metroko desnibela duen 30 kilometroko ibilbidea egiteko aukera izanen dute.
Erratzutik Aizpitzara igoko dira mendizaleak, handik Inzpidera joanen dira, gero Ubedora joateko. Baigorrira jeitsi ondotik, Trenpeta, Urrizpilota eta Elorrieta gailurrak pasako dituzte. Elortatik Auzara igotzea aukerakoa izanen da. Handik herrirako bidea hartuko dute.
Aitzinetik izena eman nahi duenak maiatzaren 23ra arte izanen du aukera www.baztangomendigoizaleak.org-en. Egunean berean ere apuntatzeko aukera izanen da. Ibilbidea 07:00etatik 07:30era abiatuko da.
IBILBIDEAK
Arantzan Mendaur igota 27,8 kilometro eginen dituzte eta bertzela 25,2. Baztanen 30 kilometroko itzulia prestatu dute.