Arlo publikoko subkontratetako langileen lan baldintzak bermatzeko Lege Herri Ekimena aurkeztu nahi du ELAk eta horretarako 7.000 sinadura bildu nahi dira Nafarroa osoan eta gutxienez 700 Baztan-Bidasoaldean.
Iker Urruzola, ELAko Baztan-Bidasoaldeko arduradunak aipatu duenez, «horretarako, jadanik hasi gara lantokietan sinadurak biltzen eta erritmo onean goaz».
Lege Herri Proposamen honetan, «subrogazioaren derrigortasuna eskatzen da instituzio publikoek lizitazio bidez kontratatzen dituzten lan eta enpresentzako». Lan hitzarmenen mantentzea edo tokian tokiko hitzarmenak aplikatzea eta lizitazioan dagokion hitzarmena ezartzea izanen da beste helburu bat. Bi helburu hauek baldintza izanik, bat edo bertze ez badituzte betetzen, enpresarik isun ekonomikoak izan ditzatela ere eskatuko dute.
SINADURA BILKETAK
Sinadurak biltzeko helburu horretan, lantegietan ez ezik, karriketan ere dabiltza ELA sindikatukoak. Honela, maiatzaren 9an Doneztebeko Udaberriko ferian izan ziren. Maiatzaren 15ean, Elizondoko plazan izanen dira 10:00etatik 12:00etara. Maiatzaren 17an, Berako Errekalde ostatuaren aitzinean, 10:00etatik 12:00etara eta Lesakan, ekainean futbol zelai ondoan izanen dira.