Solaslagunek mendi itzulia egiteko hitzordua bete zuten maiatzaren 4an. Malerreka, Bortziriak eta Baztango 14 Solaslagun elkartu ziren.
Gosari ederra hartu ondotik Donamariako plazan autoak antolatu eta ibilbidearen hastapenera jo zuten, Belateko Benta Errera hain zuzen ere. Bertan hasi zen lau ordu eta erdiko ibilbidea. Golbaiko muga zeharkatu eta Txarutara ailegatu baino lehen hamaiketakoa egin zuten Uztalakortako bordan. Su eder baten inguruan indarrak berreskuratu eta berriz ere ekin zioten bideari: Txaruta, Garmendia, Lanzibi, Ibaite, Trosketa eta Donamaria. Bidean, pagadi basatiak eta errekaz beteriko paraje ederrak zeharkatu zituzten.
Herrirat ailegatutakoan, hidratatu, luzaketak egin, sua piztu eta txingarretan janaria prestatu zuten, parkean bazkaldu eta umeen pare pasatu zuten arratsalde osoa. Herria girotzeaz gain, euskaraz bizi ahal izateko eguna izan zuten, harremanak sakondu eta euskal sareak indartu zituzten berriz ere.