Malerrekako Gure Esku Dago Ekimenak maiatzaren 24an Donezteben ospatuko du bere eguna

TTIPI-TTAPA 2014ko maiatzaren 22a

Larunbat osorako hainbat ekitaldi antolatu dituzte

Gure Esku Dago ekimenak Malerrekan zabaltzen jarraitzeko maiatzaren 24an (larunbata) bere eguna ospatuko du. Hitzordu honen helburua ekitaldiz betetako egun polita antolatzea da, ekainaren 8an Malerrekatik 108. kilometro betetzera joanen direnen beroketa ariketa eginez.

Gure Esku Dago ekimenak Malerrekan zabaltzen jarraitzeko maiatzaren 24an (larunbata) bere eguna ospatuko du. Hitzordu honen helburua ekitaldiz betetako egun polita antolatzea da, ekainaren 8an Malerrekatik 108. kilometro betetzera joanen direnen beroketa ariketa eginez.

Eguna argi soinuekin hasiko da 10:30ean. 11:00etan Bearzana frontoian herri kirolak antolatuko dira, Malerrekako 6 talderen partehartzearekin: Doneztebe, Elgorriaga-Ituren-Zubieta, Basaburua, Oiz-Donamaria-Urroz, Bertizarana eta Sunbilla. Talde bakoitza 8 edo 10 lagunez osatua egonen da eta sei edo zazpi probei aurre egin beharko diete. Kirolen ondoren, 13:00etan giza kate bat eginen da, ondotik herri bazkaria eta akitzeko mus eta partxis txapelketa, umeendako jolasak eta puzgarriak izanen dira. Eguna borobiltzeko erromeria antolatuko da.

Gure Esku Dago egun honetan metroak eta materiala salgai jarriko dira. Oroitu behar da metroa erosteko 5 euro ordaindu behar dela (16 urtetik goitikoek ordaintzen dute). Malerrekako egunean (maiatzaren 31n) ere metroak salgai jarriko dira. Hitzordu hauetaz gain, metroak edozein egunean Ostiz liburu-dendan eta Elgorriagako ostatuan ere eskuratzen ahal dira. Malerrekako aurreikuspenak aisa bete dira, dagoeneko 120 metro saldu baitira, ekainaren 8rako 150ko muga gainditzea espero da.

Antolakuntzak autobusak paratuko ditu egun horretarako eta dohainik ateratzeko boletoak salgai jarri behar dira Baztan, Bortziriak eta Malerrekan. Aipatu behar da ekainaren 8rako ere animazioa prestatu behar dela Baztan eta Bortzirietako jendearekin bat eginda: fanfarrea, joaldunak, musikariak, dantzariak… Egun hori behar den bezala ospatzeko hamaiketakoak eta bazkari gozoak ere ez dira faltako eta gizakatearen ondotik denok Iruñara besta egitera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun